Solidarioak

Aikor aldizkaria 2011ko mar. 3a, 11:03
Nuyum Sopelako alkarteak proiektu bat jarri dau martxan, Tindufen dagozan errefuxiatu sahararren kanpamenduetan: zahar-etxea. Eraikina altzauta dago, baina orain ha hornidu behar da. Txorierri institutuko ikasleek bat egin dabe egitasmoagaz, eta Aste Santuan abiauko dira basamorturantz. Bidaia gogorra izango dala dinoe batzuek; gogorra baino, diferentea, beste batzuek. Guztiek ilusinoaren distirea dabe begietan. Aljeriara, Daora daira-ra, Batxilergoko lehenengo eta bigarren kursoetako 20 ikasleek eta irakasle bik osatutako taldea joango da apirilean, bidaiaren data zehaztuta ez dabe be. Eurakaz batera, Mungiako ikastetxe bateko ikasle bik egingo dabe bidaia. Asko dira proiektuan parte hartzera animau dituen errazoiak: saharar herriari laguntzea emotea, bertakoen kulturea eta bizimodua ezagutzea... Halanda be, egitasmoaren benetako garrantziaz bidaiatik bueltan ohartuko dirala uste dabe. “Ez dakigu zer topauko dogun han, zelan sentiduko garan... Itzultzean benetan jakingo gara zertara joan garan”. Errefuxiatuen egoerearen barri komunikabideetatik edo kanpamenduetan egon diran lagunengandik jaso dabe. Orain dala urte bi institutuko beste talde bat be Aljerian izan zan, eskola bat barritzen, eta honeek emondako informazinoari esker badabe ideia bat edo bestea buruan. “Baina ez da gauza bera besteek zuri zerbait kontetea, eta zuk hori zuzenean bizi izatea; ezbardina izango da. Bestalde, pentsaten dogu esperientzia baliagarria izango dala, gauza txikiez eta dogun suerteaz jaubetzako. Adibidez, txorrota irekitzea, ura hartzeko, ohitura arrunta da guretzat; eurentzat, barriz, ez”. Irriak eta herriak Eraikina horniduteko, eguzki-plakak beharko dira, elektrizidaderako hodiak, kableak, sukaldeko tresneria, altzariak... Aurreikuspenaren arabera, material guzti horrek 6.000 euro inguru balio izango dau. Ganera, abenduan material gehiago aginduko dabe zahar-etxera, pisu handiko altzariak-eta, eta horrek 3.000 euro inguru balio izango dauala kalkulau dabe. “Txorierriko udaletxeetara eta enpresetara jo dogu; diru-laguntza eske, kasu batzuetan, eta material eske, beste batzuetan. Proiektu garrantzitsua da, solidarioa, eta lagunduko deuskuela uste dogu”. Martxoaren azken asterako eta apirilaren lehen egunetarako erropa bilketea antolatu dabe, eta hori be kanpamenduetara aginduko da. “Botikak eroaten be ahaleginduko gara”. Era berean, kamisetak jarriko dabez salgai, bidaia ordaintzen laguntzeko. Kamisetetan “Irriak eta herriak ezin diralako gilzpetu” leloa idatziko dabe. Aurreko hilebeteotan be hainbat ekimen egin dabe bidaiaren haritik: Gabonetako saskiaren zozketea eta janari bilketea, esate baterako. Politika arloan garai korapilatsuak bizi dira arabiar herrialdeetan, eta ez dakie azkenean arazorik eukiko daben bidaia egiteko. “Dana dala, guk bardin-bardin aginduko dogu bai dirua, bai materiala”. Informazino gehiagorako: www.txorisahara.blogspot.com txorisahara@gmail.com

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).