Sondikako Inauterien Alkartea: “Herritarrak dira

Aikor aldizkaria 2011ko mar. 23a, 15:38
t: Gaizka Eguskiza / a: G.E., Giomar, Xabi eta Jon Goikouria
Alkarte berezi bat ekarri dogu hil honetan Taldeak atalera, hilebete honeri begira baino ez daualako jarduten. Izan be, Sondikako Inauterien Alkartea herriko Inauteriak antolatzeko osatu zan orain dala hiru urte. Ezagutu daigun! Aspalditik ospatzen dira Inauteriak Sondikan. Horretarako, baegoan komisinoa, baina 2008an komisinokoek alkartea sortzea erabagi eben. Horrela, diru-laguntza handiagoak eta presentzia nabarmenagoa itxaroten ebezan. Gaur egun, 15 kidek osatzen dabe taldea, batez be gazte sondikoztarrak, ikasleak, 23 urtetik 28 urtera bitartekoak. “Guztiok inplikaten gara; holan bizi izan dogu betidanik, gure aurrean beste batzuek be itzezko beharra egin dabelako”, dino Jone Karkamo gazte horreetako batek. Alkartearen helburu bakarra Inauteriak “gero eta hobeak izatea” da. Ildo honeri jarraituz, esate baterako, nagusiei zuzendutako berbenea antolatu dabe aurton. Ganera, eskolak egiten dauzan ekitaldiakaz egin dabe bat. “Bariku arrastian ez zan ezer garrantzitsurik egiten; aurton, ostera, eskolen sardineagaz bajatu gara Sondikara eta pailazoak be ekarri doguz”. Taldeko lanaren emaitzea asteburu baten dago ikusgai, baina hilebete batzuk lehenago hasten dira alkartekoak beharrean. Zapatuan ekitaldi inportanteak egiten dira lagun gehiago herrira hurbiltzen dalako. Alde batetik, gaueko kontzertua (aurton, Gatibu), eta bestetik, arrastiko kalejira. “Azken bolada honetan garrantzi handiagoa emon deutsagu kalejirari, eta koadrilakaz batera animazino-talderen bat ekarten dogu. Aurton Deabru Beltzak taldea ibili da gugaz”. Baina dirua behar da egitaraua antolatzeko. “Udalak egundoko laguntzea emoten deusku, baita bertoko merkatariek, enpresek eta tabernariek be. Batzuek dirua barik, produktuak eskaintzen deuskuez: ogia edo txokolatea txokolatadea egiteko, adibidea jartearren. Beste alde batetik, loteria eta kartelak egiten doguz”. Beharra gogorra izan arren, alkartekoek ez dabe ezer irabazten. “Guk debalde egiten dogu behar, eta ateraten dogun dirua ekitaldiak antolatzeko erabilten dogu. Beharrak merezi dau, herri osoak parte hartzen daualako, eta hori guretzat oso pozgarria da. Azken baten, herritarrak dira Inauteriak: eurentzat antolatzen doguz eta eurek gozaten dabe. Era berean, koadrilen parte-hartzea, eta gero eta hobeto egiteko ahalegina be eskertzekoak dira”. Urteko jaia “Niretzat urteko jaiak dira Inauteriak, eta Sondikakoak Txorierriko garrantzitsuenak dira, ohiturea antxinatik datorrelako. Argi dago jenteari gustetan jakola, parte-hartzea itzela dalako. Giro osasuntsua eta ederra sortzen da herrian. Halan izan daiten saiatu egiten gara, eta, horretarako, edonori zuzendutako egitaraua antolatzen dogu: umeei, nagusiei, gazteei.... Nahiko jai zabala dala esango neuke”. Sondikako Inauteriak ezinbesteko hitzordua dira urteko jaien egitarauan, Txorierrin. Bilbokoen lekukoa hartu, eta hurrengo astean mozorroez eta giro ederraz beteten da herria. “Ezin gara Bilbokoakaz lehian sartu, eta jenteak badaki astebete beranduago jaia Sondikara datorrela. Hori iragarteko kartelik be ez dogu behar”. Aurton be ez dabe izan arazorik, herria, urtero legez, maskara jantzita atera dalako kalera.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).