Jaiak ate joka doguz

Aikor aldizkaria 2011ko api. 20a, 10:02
Kirola, berbenak, txapelketak, azokea, umeei eta gazteentzako ekimenak... Etxean gelditzeko atxakiarik ez dago! San Isidro jaiei maiatzaren 13an emongo jake hasiera ofiziala. Halanda be, aurreko zapatuan be hainbat ekintza egingo dira, motorrak berotzen hasteko. Eta jaiei heltzeko, gastronomia ekitaldi bategaz hastea baino gauza hoberik ez dago. Maiatzaren 7an, Sukalki Eguna izango da Ipar-Alde abesbatzaren eskutik. Egunean zehar, txapelketea, umeentzako tailerrak, bazkaria eta Taberna Ibiltariak girotutako bazkalondoa egongo dira frontoiaren ondoko aparkalekuan. Baina ez dira ekimen bakarrak izango. Egun horretan bertan, Txorierriko Nagusien Jaia izango da barruko frontoian, eta Santzoka alkartekoek CemenDerioRock jaialdia egingo dabe laugarren aldiz, eskola inguruan. Astintze 53-60 seminarioko ikasle ohien alkarteak be musika ekitaldia antolatuko dabe seminarioko kapillan. Ipar-Alde abesbatzak pregoia irakurriko dau hurrengo barikuan. “Hogeta hamabost urte bete dira abesbatzea sortu zanetik. Ganera, oso alkarte dinamikoa da eta beti dago prest herrian antolatzen diran ekitaldietan laguntzeko”, aitatu dau Jesus Lagunas kultura zinegotziak. Txupinazo ostean, txitxi-burruntzia eskiniko da, eta berbenea 3gabe2 taldeak alaituko dau. Kirola nagusi izango da zapatuan. Halan, alde batetik, Uribe Kostako Areto-futboleko Txapelketearen finalak jokatuko dira; eta, bestetik, Tiragoma Txapelketea egingo da kiroldegiko pistetan. Txapelketa biak goizean izango dira. Arratsaldean, barriz, slaloma egongo da seminarioan; eta “Kopa Derio” Lau eta Erdiko I. Txapelketea, frontoian. Han promesa kategoriako punta-puntako pelotariak ibiliko dira lehian. Kirola ez eze dantza alardea be izango dogu Lainomendi taldearen eskutik, eta Danba taldeak hartuko dau berbenea girotzeko ardurea. Patroiaren eguna Ibiltaldi neurtua klasiko bat da Derioko jaietan. Untza mendi taldea orain dala hogeta bost urte hasi zan ekimen hau antolatzen, eta aurtengo edizinoa oso berezia izango da bere kideentzat. “Zenbakiagaitik eta omenaldia egingo jakelako Angel Egia eta Juan Manuel Silva “Txano” taldekideak ziranei”, azaldu deusku Lagunasek. Ibiltaldia domekan izango da, San Isidro Egunean, hain zuzen. Azoka be patroiaren egunean egingo da, eta oraingo honetan nobedadea ekarriko deusku. “Lekuz aldatu eta Kultur Birika kultur etxearen ingurura eroango dogu. Kultur etxea bera zabalik egongo da goizean, eta bertan zerbait antolatuko da azokearen eskutik; udal tailerren erakusketea, tartean”. Aurreko urteetan legez, Pintura Lehiaketea egongo da, eta Ibaiondoko futbol zelaian futbol txapelketea jokatuko da, Gure Señeak alkarteak antolatua. “Athleticeko jokalari beteranoen eta Txorierriko futbol taldeetako jokalarien arteko partida izango da. Sarrerak bost euro balioko dau nagusientzat; eta doakoa izango da umeentzat. Dirua alkarteari emongo jako”. Eguna biribiltzeko, idi-probak egingo dira arratsaldean, eta Nagusien Etxean sortutako talde batek dantza latindarren erakustaldia eskiniko dau Herriko Plazan. Herria girotu Astelehena umeentzako eguna izango da. Jai eguna izango da Derion, eta hainbat ekitaldi antolatuko dira etxeko txikiak eta gaztetxoak gozatzeko: puzgarriak, ludotekea, marrazki lehiaketea, wii, zezen mekanikoa... Jolas-parkeak Herriko Plazan eta Mikel Deuna Plazan jarriko dira; euria bada, kiroldegian edo frontoian. Habaneren emonaldiak eta txokolatadeak amaiera emongo deutsee jaiei. Lagunasek esan dauenaren arabera, txosnak eta eszenatokia Almazene kalean ipiniko dira aurton; azoka txikia egiten dan gunean. “Kale ha zabalagoa da eta ondorioz, hobeto bete leitekez segurtasun neurriak”. Barrakak kiroldegi aurrean jarriko dira; beheko eta goiko aparkalekuetan. “Eguraldia lagun izatea espero dogu. Edozelan be, karpa handi bat atonduko da txosna-gunean, eguraldi txarretik babestu ahal izateko”. Egun guztietan eukiko dogu zer ikusi eta zertaz gozau Derioko jaietan, baina lagun gehiago batzen dauen eguna San Isidro izango da, beharbada. “Gure aldetik herritarrak, koadrilak, alkarteak... animau gura doguz ahalik eta ekitaldi gehienetan parte hartzera, ahalik eta ondoen pasetera, egun guztietan kalera urtetera eta herria girotzera”. Maiatzak 7, zapatua. Sukalki Eguna Sukalki Txapelketea, kiroldegiko parkingenean eta kanpoko frontoian. Ipar-Alde abesbatzak girotuta. 11:30-19:00: VII. Nagusien jaia, kiroldegian. 12:00-04:00: IV. CemenDerioRock, eskolako gunean eta frontoian, Santzoka alkarteak antolatua. 16:00-19:00: Animazinoa, Taberna ibiltaria taldeagaz. 19:30: Leioako udal kontserbatorioko ahots gazteen musika emonaldia, Seminario txikiko kapillan, Astintze 53-70 alkarteak antolatua. Maiatzak 13, barikua 19:30: Konpartsen jatsierea, txapelketea eta animazinoa Tamsna taldeagaz eta Ku-klux band fanfarreagaz. 20:30: Pregoia, Ipar-Alde abesbatzearen eskutik. Txupinazoa eta txitxi-burruntzi, Odol argia eta Subyke taldeen laguntzagaz. 23:30: Kontzertua 3gabe2 taldeagaz eta diskotekea, txosna-gunean. Maiatzak 14, zapatua 10:00: “Uribe Kosta” Txapelketearen finalak, kiroldegian, Arteaga FS taldeak antolatua. 11:00: Tiragoma Txapelketea, frontoi ondoko kirol pistetan, Tiragomaren Bizkaiko lagun-taldeak antolatua. 11:30-14:00: Umeentzako tailerrak. 13:30: Ipuin-kontalaria. 16:00: “Derioko Udala” III. Slaloma lurrean, Seminario aurrean, Motorzaleen Bizkaiko alkarteak antolatua. 17:00: “Derioko Kopa” Pelota Txapelketea, 4½ azpi 22-promesak, frontoian, Atxiki taldeak antolatua. 18:00: Dantzen agerraldia, Lainomendi taldearen eskutik. 20:30: Diva di palo kaleko antzerkia, kanpoko frontoian, Teatro-teatro taldearen eskutik. 23:00: Kontzertua Damba taldeagaz eta diskotekea, txosna-gunean. Maiatzak 15, domeka. San Isidro eguna III. Aide zabaleko Pintura Lehiaketea. Izena emotea, Kultur Birikan. 08:00 (nagusiak) eta 09:00 (helduak): XXV. Ibiltaldi neurtua, Herriko plazan, Untza mendi taldeak antolatua. 10:30-14:30: Elikagaien eta Eskulan tailerren XVI. Azokea, Kultur Birika inguruan. Txakolinaren eta oilaskoaren dastaketea, zanpantzarrak, umeentzako tailerrak, familiarentzako jolasak eta erakusketa etnografikoa. 11:30: Mezea. 11:30: Futbol partidua: Athleticen beteranoak vs. Txorierriko selekzinoa, Ibaiondoko futbol zelaian, Gure señeak alkarteak antolatua. 17:00: Pintura Lehiaketearen eta Ibiltaldi neurtuaren sarien banaketea. 18:30: Briska Txapelketearen sarien banaketea. Ostean, txitxarrilloa, Cocktail orkestagaz. 19:00: Idi-probak, probalekuan. 19:30: Dantza latindarren erakusketa, Nagusien etxea alkartearen eskutik. Maiatzak 16, astelehena. Umeen Eguna 11:30-14:00: Puzgarriak eta ludotekea. 12:00-14:00: Gazteentzako ekintzak, Mikel deunaren plazan. 12:30: Marrazki Lehiaketea, Odol Argia taldeak antolatua. 16:30-19:30: Puzgarriak eta Ludotekea. 17:00-20:00: Gazteentzako ekintzak, Mikel deunaren plazan. 18:00: Marrazki Lehiaketearen eta konpartsen jatsierearen sarien banaketea. 19:00: Habanerak eta bilbainadak, Iñaki Basabegaz. Jaien amaierea eta txokolatadea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).