Zutabe izatearen inportantzia

Aikor aldizkaria 2011ko mai. 18a, 10:42

testua: Maripi Agirre

Etxean neu naiz zutabe, eta lotsa barik esaten dut. Batzuetan, badirudi plastilinaz eginda nagoela, baina beharrezkoa denean, harri bihurtzen naiz. Bikote-lagunak ere, ni aguantatzeko, zutabe bihurtu baino beste erremediorik ez du sarritan; bestela, akabo. Amumak, zuek bai zutabe sendoak (barkatu aitite guztiak, baina gaurkoan protagonismorik ez). Burutik jota nagoela pentsatuko duzue, baina zuotariko askok (txorierritarrok) ezagutzen duzuen Hori Baiko “erdiko zutabe” horrek moskeatuta nauka aspaldian; benetan diot, zutabe honek sentimenduen tsunamia, nahasketa sortarazten dit. Ikuskizunen bat dagoenean, hor dago, beti erdi-erdian, presente. Tortikolisaren aliatuak, erasotzeko prest. Eskerrak zuri, lagun, bizitza betetzen duten gauza txiki horiek begi onez ikusteko tresna eman didazula. Eta zuri esker banoa, pitika-pitika ikasten. Ikasi dut erdiko zutabe hori Katalunian famatuak diren Castell horietako baten antzera ikusten, Hori Baitik pasatu den belaunaldi bakoitza giza-monumentu horiek osatzen duten maila baten moduan ikusten. Amaiera gabeko Casttella, espero dut. Hor daude gazteak, hurrengoa noiz igoko zain. Batzuetan jausteko zorian, beste batzuetan hortxe sendo, harro herriari begira. Baina etengabe lanean, gure herriaren nortasunaren parte izaten. Eta bitartean zutik dirau!