Leginatik paseoan

Aikor aldizkaria 2011ko mai. 18a, 10:43
Gure lagun bat gora eta behera ibili zan Lezamatik orain dala gitxi. Herriko alkarteek kaleratutako Lezamako ibilpideak aldizkaritxuaren barri euki eban, eta han proponidutako txangoetariko bat egitera animau zan: Elorria. Geuk be mendiko botak janzteko asmoa dogu, eta edozein domekatan Lezamako bazterrak ezagutzera aterako gara. Aldizkaritxuari bota deutsagu begiradea eta Legina izeneko ibilpideagaz ahaleginduko garala erabagi dogu. Haren zehetasunak ondorengo orrialdeotan emongo deutsueguz, bidea gugaz egin gura badozue be. Aldizkaritxuaren egileek aitatukoaren arabera, ibilpide erraza da, eta gitxi gorabehera ordubete eta 40 minutu emongo doguz bidean. Prest gagoz. Udaletxeko plazatik atera eta Larrabetzurako bidea hartuko dogu. Azken etxebizitza-blokea gainditzen dogunean, eskumatara dagoan lehenengo bide asfaltaua hartu beharko dogu, Larretxe baserrian. Bostehun eta berrogeta hamar metro egin ondoren, bidekurutze bategaz topauko gara, eta, han, ezkerretara doan bidea aukeratu beharko dogu. Errekatxu bat kurutzatuko dogu, eta bidea aldapatsu bihurtuko da. Hari jarraitu eta Txorierriko Korridorearen ganetik pasauko gara. Laster Olabarriaga baserrira ailegauko gara. Bedarrezko bidea hartuko dogu orain, eta hesi batetik igaro beharko dogu. Bideak beherantz egingo dau, Legina errekeagaz topau arte. Beste hesi batetik pasau eta haresti txiki batean sartuko gara. Bedarra eta asfaltoa Erreka ertzetik jarraituko dogu, eta bideak gorantz egingo dau. Lehenengo bidekurutzean, ezkerreko bidea hartuko dogu, gorantz joateko. Aldats gogorrari egin beharko deutsagu aurre. Bidexka batzuk eta bide nagusi bat azalduko dira eskuman, baina guk gorantz jarraituko dogu eta eskumatara dagoan beste bide nagusia hartuko dogu. Ibilpideko lekurik altuenean izango gara. Bajatzen hasiko gara eta Amazelaietatik datorren errekatxoa zehartuko dogu; eta gero, beste txikiago bat. Ostera be apurtxo bat egingo dogu gorantz, ezkerrean dagozan bide bi albo batera itxita. Gaztainondoak, pagoak, haretxak eta urkiak eukiko doguz ikusgai. Eta beherantz egingo dogu beste behin be, Olabarriaga baserrira ailegau arte. Haretx batzuk eta hesi bat atzean itxi, eta porlanezko bide batera ailegauko gara. Bide asfaltauak herrigunera eroango gaitu. Aldizkaritxuan azaltzen dan moduan, hasierako bidekurutzean ailegaten garanean, ezkerretara egiteko aukera dogu, eta Isuskitzagoikoa eta Isuskitzabekoa baserriak bisitau. Era berean, herrigunerako bidetik goazala hainbat baserri, antxinako latsarri bat, animaliak eta urkidi txiki bat ikusiko doguz, beste batzuen artean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).