Berandu, baina garaiz

Aikor aldizkaria 2011ko mai. 23a, 12:25
Pazko jaiei ekainaren 10ean emongo deutsee hasierea zamudioztarrek. Handik aurrera, musikaz, kirolez eta sabore atseginez betetako lau egun egongo dira disfrutetako. Aste Santua beranduago izan da aurton eta, ondorioz, Pazko jaiak be beranduago etorriko jakuz; ekainaren 10etik 13ra arte hain zuzen be. Ez da harritzekoa, beraz, herritarrek jai-giroan murgiltzeko irrikan egotea eta, egia esan, aukerarik ez jake faltako. Izan be, aurreko urteetan bezala, Eguraldi ona jai-batzordea gogotsu ibili da beharrean, eta herritar guztiei zuzendutako egitaraua antolatu dau aurtengo jaietarako. Jai-egitaraua jaso baizen laster, kontzertua nortzuk eskiniko daben begiratzeko ohiturea dabe gazteek. Zamudioko eszenatokiaren gainean euskal abeslaririk eta musika talderik ezagunetariko batzuk ibiliko dira: Sorkun, Zea mays, Esne beltza, Zain, Gora herria eta Luhartz. Baina ez da musikea entzuteko eukiko dogun aukera bakarra. San Martin eleizak Udabarriko XXXIII. kontzertua hartuko dau eta bertan abesbatza honeexek hartuko dabe parte: Donostiako Aita Garayoa, Las Carreraseko San Pedro Ogeitalau, Bilboko San Fran Korue eta Zamudioko Kamara Korala. Bestalde, Pantxok eta Peiok musikea ipiniko deutsie “Kanta herriari” ekimenari. Euskal dantzek eta kirolak be lekua izango dabe jaietan. Halan, bada, pelota partidak antolatuko dira, eta dantzen agerraldia eskainiko dau Hiru bat dantza taldeak. Erromeria be egongo da Patxi eta konpainiaren eskutik. Garaiz Bapo jatea gustaten jaku eta, horrexegaitik, gastronomiagaz lotutako ekintzak be ekarriko deuskuez jaiek. Barikuan perretxiko jana eskainiko da iluntzean, eta hurrengo egunean kazuelak izango dira nagusi. Sukalki Eguna aspalditik antolatzen dabe Zamudion eta arrakastarik handiena dauen ekintzenetariko bat da. Gaztetxoak ez dira aspertuko. Zapatuan eurei zuzendutako tailerrak egongo dira Bidekoetxe parkean, eta skate erakustaldia eta ikastaroak be egingo dira. Era berean, domekan jolas-parkea ipiniko da eskolan. Zaldien ganean paseotxua emoteko aukerea be eukiko dabe, Zaldi Lasterketea eta erakusketea hirugarren aldiz antolatuko da-ta. Aitatutakoez aparte, kalejirak, mezea, kopaua eta Mus eta Briska Txapelketak egongo dira Pazko jaietan. Danetarik, danontzat. Esan bezala, Pazko jaiak berandu ailegauko dira aurton, baina garaiz. Egitaraua Ekainaren 10ean, barikuan 18:30: Txupinazoa eta gozokiak. 18:45: Kalejira, trikitilariakaz, txistulariakaz eta buruhandiakaz. 19:15: Pelota partidak, frontoian. 20:30: Perretxiko jana, Sabino Arana plazan. 23:30: Kontzertuak, Sabino Arana plazan: Sorkun + Esne beltza + Gora herria. Ekainaren 11n, zapatuan Sukalki Eguna, Bidekoetxe parkean. 10:00: Zaldi Lasterketea. 11:00: Zaldien erakustaldia. 12:30: Kalejirea, Gazte elai txistu taldeagaz. 14:00: Sukalki Txapelketearen aurkezpena eta sariak banatzea. 17:00: Umeentzako tailerrak, Bidekoetxe parkean. 17:00: Skate erakustaldia gazteentzat, eta ikastaroak. 17:00: Dantzaldia eta herri-animazinoa, Patxi eta konpainia taldeagaz. 20:30: Udabarriko XXXII. kontzertua, San Martin eleizan. 22:00: Erromeria, Bidekoetxe parkean. 23:00: Kontzertuak, Sabino Arana plazan: Zain + Zea mays + Luhartz. Ekainaren 12an, domekan 10:00: Umeentzako jolas parkea, eskolan. 11:00: Mezea. 12:30: Kalejirea, Bertoko taldeagaz. 17:00: Dantzen agerraldia, Hiru bat dantza taldearen eskutik. Eskolan. 19:00: “Kanta herriari” ekimena: Pantxo eta Peio. Ekainaren 13an, astelehenean 12:00: Mezea. 12:30: Kopaua, eleizpean.Trikitilariek girotua. 16:00: Mus eta Briska Txapelketak, Adintsuen Etxean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).