Suak argituko dau San Joan gaua

Aikor aldizkaria 2011ko mai. 23a, 12:31
Argazkiak: Juanjo Ortiz
Sondikako jai-batzordeko neska-mutilek ahalegin handia egin dabe herritar guztientzako ekitaldiak antolatzeko. Aurreko urteetan legez, aurton be asmau egin dabe eta, horretarako, ohiko formulak nahastu ditue nobedadeakaz. Eta lehenengo nobedadea San Joan egunean bertan ailegauko jaku. Bartzelonako talde batek Acrovision piroteknia-ikuskizuna eskiniko dau sua biztu baino lehen. Zirku-ikuskizun bat da, sua protagonista nagusitzat izango dauena, eta gaua magikoago bihurtuko dau, ziur asko. “San Joan gaua jaietako momenturik inportanteena da, eta horregaitik bultzada berezia emon gura izan deutsagu”. Ikusleek ederto pasauko dabe saltinbankiakaz eta malabaristakaz. Jaiek ekarriko deuskuen beste nobedade bat gazteek zapatu arrastian egingo daben triki-poteoa da. “Helburuak honeek dira: alde batetik, herriko gazte guztiak alkartzea; eta, bestetik, ekitaldiak nagusiki landan egiten diranez, jai-giroa herrira be hurbiltzea”. “Jaiak batez be umeei dagoz zuzenduta, baina herritar eta adin guztien gustukoak izan daitezken ekimenak be antolatu dira”. Musikatik hasiko gara. Betagarri taldearena kontzertu nagusia izango da aurtengo jaietan; halanda be, Akerbeltz, Izargi, Jo ta hanka eta Luhartz taldeek be musikea jarriko deutsee gaueko berbenei eta erromeriei. Horrezaz ganera, aukerea emongo jake herriko musikari gazteei, herrian bertan jo daien. Tiragoma Txapelketea tradizino handiko ekimena izan da Sondikan, eta jai-batzordeak ahalegina egin eban igaz, ha berreskuratzeko. “Arrakastatsua izan zan eta bigarren aldiz antolatuko dogu aurton”. Ez da izango lehiaketa bakarra, jai-batzordeak tortilla txapelketea eta mus txapelketea be antolatu ditu barikurako eta zapaturako, hurrenez hurren. Aitatutakoez ganera, aukera sorta zabala eukiko dogu Sondikako jaietan ondo paseteko: bigantxak, kalejirak, dantzen agerraldia, umeentzako ekitaldiak, su artifizialak eta herri kirolak, esate baterako. Txupinazoa ekainaren 23an botako da, arrastiko 7etan, eta jai-giroak Sondikako kaleak hartuko ditu lau egunez, eta denak kutsatuko ditu, herrikoak nahiz erbestekoak izan. Egitaraua Ekainaren 23a, eguaztena 18:00: Bigantxak. 19:00: Txupinazoa. 19:30: Pentagrama Soinu Alkartearen emonaldia. 22:00: Acrovision piroteknia-ikuskizuna. 23:00: San Joan sua. 23:30: Herriko taldeen kontzertua. 00:30: Akerbeltz. Ekainaren 24a, barikua 11:30: Kalejirea, Ipar Elaiak taldeko txistulariek girotua. 12:00-15:00: Fanfarrea. 12:30: Fanfarrea eta aurreskua. 13:00: Apar-jaia. 13:30: Kopaua, jubiladuentzat. 16:00: Kosmolariak umeentzako ikuskizuna. 18:00: Bigantxak. 19:30: Dantzen alardea, Gorantzaileak dantza taldearen eskutik. Gurasoek be hartuko dabe parte. 21:30: Tortilla Lehiaketea. 22:30: Herriko taldeen kontzertua. 01:00: Berbenea, Izargi taldeagaz. Ekainaren 25a, zapatua 11:00-14:00: Umeentzako jolas-parkea. 12:00: Kalejirea, Ipar Elaiak taldeko txistulariek girotua. 12:00: Herri kirolak, umeentzat. 16:00: Mus Txapelketea. 18:00: Sondikako II. Tiragoma Txapelketea. 19:00: Triki-poteoa. 20:00: Herri kirolen eta Iparraldeko jokoen erakustaldia. 23:00: Su artifizialak. 23:30: Kontzertua: Betagarri. 01:00: Berbenea, Jo ta hanka taldeagaz eta DJ bategaz. Ekainaren 26a, domeka 11:00-14:00: Umeentzako jolas-parkea. 12:00: Kalejirea, Ipar Elaiak taldeko txistulariek girotua. 12:00-15:00: Fanfarrea. 15:00: Sukalkia. 19:30: Dantzen alardea, Gorantzaileak dantza taldearen eskutik. 20:00: Erromeria, Luhartz taldeagaz. 22:00: Azken trakea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).