Enara

Aikor aldizkaria 2011ko eka. 20a, 14:51

Testua: Jon Ander Rola, irakaslea

Kaixo, Arene: idatzi hau egitea erabaki nuenean, zure izenarekin hasi nintzen jolasean, Mikel Zaratek Ekidazu ipuinarekin egin zuen bezala, eta izen hori atera zitzaidan. Oso aproposa iruditu zitzaidan izenburu moduan, batez ere zure aitari hegaz joan zarela entzun nionean, eta eskolan “txoritxu” deitzen zizutela jakin nuenean. Orain dela hilabete batzuk zure aitari entzun nion, Gure señeak elkartearen aurkezpenean, eskerrak ematen zizkizula, gizakiagoa izaten lagundu diozulako. Eta entzuten ari nintzen une horretan pentsatu nuen geuk ere hainbat gauzarengatik eskerrak eman behar genizkizula. Eskerrik asko, aurpegian marraztuta zenuen etengabeko irribarre horrengatik, zuregana hurbiltzea mingarria izan beharrean gozo eta erraz egiten zigun irribarre horrengatik. Eskerrik asko, zure txikitasunean gai izan zarelako gure eskualdean, Gure señeak elkartearen bidez, tsunami bat lortzeko, esparru guztietako jendea zuengana hurbilduz. Eta ez bakarrik diru-laguntzak emanez, beste era askotan baizik: zuen egoera munduari zabalduz, zientifikoki edo politikoki lagundu ahal dutenengana bideak irekiz, zuen gurasoei egunerokotasun latz horretan lagunduz... Eskerrik asko, zuongandik jakin dugulako zeintzuk diren zuen beharrizan handienak. Alde batetik, integrazioa. Eta integrazioa ez da soilik eskolan laguntzaile bat zuentzat edukitzea, edota aulki gurpildunaren gainean zoaztenean herriko edozein lekutara heldu ahal izateko oztopoak kentzea. Integrazioa aurpegira pena eduki barik begiratzea ere bada, zuen adineko beste umeekin konplexu barik jolastea, ludotekaz gozatzea, azken unera arte bizitza normal bat egitea eta ez etxean estalita egotea... Bestetik, ikerketa. Zuen gaixotasunen kasuan hain garrantzitsua dena, eta gaixoen kopuruari begira bideratu ezin dena (gainera, Gure señeak elkartean bederatzi ume daudenean, hain gutxi ez dira izango), gizakien sufrimendua zenbakietan neurtu ezin da-eta. Eta eskerrik asko, azkenik, gure artean utzi dizkiguzulako txapela kentzekoak diren zure gurasoak, Arantza eta Nestor, zuek utzitako hazia beste guztiongan ereiteko. Beno, Enaratxo maitea, egin bidaia zure neba Keparekin; zuk hegaz, eta Kepak Rayo izeneko auto gorrian. Zoazte ilargiraino eta buelta, hemen zuen zain izango gaituzue-eta.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).