Uda honetan liburu pare bat irakurriko dut, hondartzan, lasaitasunez... Pena da, baina, urtero bezala, liburu zuria edo asmoen liburua izango dela barruntatzen dut: inoiz irakurtzen ez duguna; ez geuk, ezta gure umeek ere.
Haur eta gazteen literatura borborrean dago, gaur egun baino eskaintza handiagoa ez da inoiz egon. Baina literatura horrek ez du ezertarako balio, hura erabili, gozatu eta bizi egiten ez badugu. Bai, errazagoa da seme-alabak telebista edo bideo-joko anestesiko baten aurrean ipintzea; ostera, ez ditugu haien irudimena eta ahalmenak garatzen.
Ipuin klasikoak, istorio berriak, asmatutakoak –zergatik ez?-, modan dauden album irudidunak... den-denak dira baliagarriak, motibazioa, gogoa eta interesa sortzeko. Irakurketa sustatzea garrantzitsua da, ideiak eta gogoetak garatzea bezain inportantea. Txorierriko liburutegietan haur eta gazteen txokoak daude. Oso aukera ona liburu pare bat hartzeko, eta umeekin hondartzan disfrutatzeko, lasaitasunez... Ah, nire lehenengo liburua amatxoaren kontuak izan ziren.