60 ordu bizikletaz

Aikor aldizkaria 2011ko ira. 9a, 10:06
Unai Ibarra eta Jokin Torre sondikoztarrak jo eta su ibili dira, Paris-Brest-Paris ziklomaratoiak dituan 1.220 kilometroak egiteko. Eleder eta Egoitz Ibarra laguntzaile euki dabez autokarabanan. Bikote honi erronkak gustaten jakez eta, Unaik azaldu deuskun moduan, ziklomaratoia hainbat errazoirengaitik zan erakargarria hareentzat. “Oso proba luzea eta gogorra da, lau urterik behin antolatzen dana, eta ibilpidea gehienez 80 orduan egin behar da. Guk 60 orduan egin dogu. Kontrol-guneetan izan ezik, ibilpidean zehar ez dago inongo laguntzarik eta denpora gehiena bizikleta gainean egin behar da. Justu jaten da eta ia ez da lorik egiten. Gainera, mundu osoko bazterretatik etorritako lagunek hartzen dabe parte han. Aurton 6.000 parte-hartzaile izan gara”. Ziklomaratoian aritu ahal izateko, proba batzuk gainditu behar izan zituen: 200, 300, 400 eta 600 kilometro, bizikletaz. Eta han be markak hautsi zituen. “600 kilometroko ibilpidea, esate baterako, 25 orduan egin genduan eta hori ez eban inork aurretik lortu”. Ondo prestauta joan ziran, beraz. “Egia esan, beharra dala-eta, ez dogu denpora askorik probea prestatzeko, baina ondo aprobetxau egin doguz euki doguzan aukera guztiak”. Ekipamendu egokia be eroan eben Parisera. “Karbonozko bizikletak erabili genduzan, oso pisu gitxi dabenak: zazpi kilo inguru. Nire ustez, meritua antxinako bizikletak eroan zituenek euki eben. Etxea bizkarrean eroien: jatekoak, lo egiteko gauzak...”. Urteteko pistola-tiroa abuztuaren 21ean bota zan, arratsaldeko 4etan. Unai eta Jokin tropelaren aurrekaldean ibili ziran 140. kilometrora arte. Unai jauzi zan eta bizikletearen atzeko gurpila apurtu jakon. Ha konpondu eta bideari ekin eutsien berriro, baina Jokini hiru aldiz zulotu jakon gurpila. “Nahikoa aldea atera euskuen hasieran joiazanek, eta nasai ibilteko erabagi genduan, hareek harrapatzeko modurik ez egoalako. Halanda be, pena baino, gertatutakoa mesedegarria izan zela uste dogu. Izan be, lehenengoen artean ahalik eta denpora gehien emoteko asmoa genduan eta, halan izanez gero, ziur gagoz hareekaz borrokan ibiliko ginatekeela. Eta leher eginda amaituko ginatekeela”. Txipa aldatu eta geldialdia egin eben, zerbait jateko. Bizikletara igon eta 735 kilometro egin zituen jarraian; 30 ordu pedalei eragiten. “Gelditu eta bost ordu inguruko lotaldia egitea erabagi genduan. Baina ez genduan iratzargailua entzun eta zazpi ordu egin genduzan azkenean. Horreek juramentuak! Guztiek itxiko gaitue atzean! Bizikleta hartu eta falta jakun bidea jarraian egin genduan”. Lotaldia ez jaken txarto etorri, lasterketak iraun eban hiru egunean zehar eguraldi ona euki baeben be, gau horretan zaparrada ederra bota eban-eta. Zilomaratoia Estadu Batuetako lagun batek irabazi eban. Ibilpidea egiteko, 45 ordu emon zituan. Jasangatxa! Oso pozik dagoz esperientziagaz, eta esan deuskue daben arantza bakarra hau dala: lehenengoakaz noraino ailegau ahalko lirateken jakin ez izana. “Dana dala, ziklomaratoi hau behin egiten dauana errepikau egiten dala dinoe. Baina guk ez dogu han berriro parte hartzeko asmorik. Oso entrenamentu handia eskatzen dau aldez aurretik, eta hori etxekoek sufritzen dabe, ez zaituztelako apenas ikusten. Eta proba bera oso gogorra da, jasangatxa!”. Horren adibide bidean botata ikusi ebezan txirrindulariak dira. “Hareetako bat sei kilometrora egoan kontrol-gunetik. Pentsa eizue zelan egon beharko zan, haraino joan ez izateko!”. Helmugara ailegau, dutxa hartu eta hiru ordu lo egin ostean, etxerako bidea hartu eben abuztuaren 24an. Bizikleta denporaldi baterako itxi dabe, baina ha oso denporaldi laburra izango da, badabezalako zenbait proiektu buruan. “Ziklomaratoian 20.000 kaloria inguru galdu doguz bakotxak eta nik, adibidez, behatzak astebete eta erdian euki dodaz lo, egindako esfortzuagaitik. Indarrak barritu eta entrenamentuakaz hasi gara berriro, urrian Amsterdameko maratoian hartuko dogulako parte. Era berean, datorren urtean Paris-Roubaix txirrindularitza-lasterketan aritzeko asmoa dogu”. Ausartak dira benetan sondikoztar honeek. Ausartak, saiatuak eta desafioen zale amorratuak. Badakizue, gustuko tokian aldaparik ez.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).