Txorierrik egin dau Bilbo Handi

Aikor aldizkaria 2011ko ira. 27a, 09:51

t: Juan Luis Goikoetxea / i: Aritz Albaizar

Udagoieneko aldatsa igotzen hasi aurretik, Txori aurreratu jat, Luki “de brazete” dakarrela. Esan deust, gura dabela idazle izatetik irakurle izatera aldatu. Halanda ze, hemendik gora, Aikor! aldizkariaren irakurle gizonezkook Luki zarie, eta andrazkook Txori. Irakurle txoriok eta lukiok, Bilbo bera bakarrean Botxoa zan; ostean, Txorierri bereganatu ebanean, Bilbo handi egin zan, Gran Bilbao; eta, azkenik, Guggenheimek globalizatu dau. Bilbo mendi artean sartuari Botxo deritxo Unamuno gureak 1891n, adierazteko, berez, botxoa dala lurrean egindako zuloa, zeinetara olgetan kanikak-eta sartzen diran. 1966an anexionatu eutsiezan Bilbori Loiu, Sondika, Derio eta Zamudio, Botxo lehengoa Gran Bilbao bihurtuz. Urteak garrenean, 1983an, lau herriok desanexionatu egin ziran. Hamar urte garrenean, 1993an, ipini zan Guggenheimeko lehen harria. Ha-rrezkero, museo honek globalizatu dau Bilbo. Azken baten, Bilbotarrek Txorierrin txoiloa topau dabe; bai, txoiloa dinot ze, Mikel Zarate unibertsalak dinosku chollo gaztelerazkoa euskaratik hartua dala. Chollo: ¿Del vasco chollo, en el juego de las nueces, la suerte de meter todas las nueces en el hoyo o bocho? El grito de rigor solía ser: Txollo! Bilbotarrek guri, bestalde, TAO kobratzen deuskue aparkatzeagaitik. Guk bilbotarrei zer? Ez deutseguez kobratzen, ez txinberaz hiltzen deuskuezan txoriak, txioak –txinboak-; ez boltsaratzen dabezan perretxikoak; ezta batzen dituen barraskiloak be –ganera, barak nahiz barakilak bertan behera itxita. Bilbainadetako kantariek be, “Los Bo-cheros”ek, Botxotik hartu eben izena, baina “Los Chimberos”ek Txorierriko txinboetatik. Txoriok, lukiok, esaereak dino: “Ai Bilbo, ez da Bilbo langorik!”. Eta guk dinogu: Zer izango leiteke Bilbo Txorierri barik?