Ate joka dogu San Martin

Aikor aldizkaria 2011ko urr. 21a, 09:51
Jai-batzordeak arrastiko 7etan pregoia irakurri, eta hasierea emongo deutsez sanmartinei Zamudion. Handik aurrera, herritarrak jai giroan ibiliko dira lau egunez. Danok dakigun gauzea da Zamudioko mortzilak dirala munduko onenak. Jaietako lehenengo egunak gustu ona itxiko deusku ahoan, azaroaren 10ean Mortzila Lehiaketea egingo dalako bosgarren aldiz. Txapelketan jatetxeek, harategiek eta partikularrek hartu leikie parte, eta mortzilak Zamudioko erara egin beharko dabe. Horretarako, osagai honeek erabili beharko ditue: txarri-gantza, txarri-odola, kipulak, porruak, arroza, perejila, pipermina eta gatza. Mortzilak arrastiko 8 eta erdietan aurkeztu beharko dira pelotalekuan; halanda be, etxean egin ahal izango dira. Epaimahaia herriko mortzilagile bik osatuko dabe, eta guztira hiru sari emongo dira: 200 euro, irabazleari; 100 euro, bigarrenari; eta 50 euro, hirugarrenari. Izena azaroaren 7a baino lehenago emon behar da Udaletxean bertan, edo 944060998 telefono zenbakira deituz. Bestetik, pelotalekura doazanek mortzilak dastatzeko erea eukiko dabe eguenean. Barikua zaindariaren eguna izango da. Meza ostean, kopaua eskiniko da, eta arrastian Karta Txapelketea eta umeentzako puzgarriak egongo dira. Bizardunak, Bongo Botrako eta Trikizio taldeak musikea ipiniko deutsie gauari. Zapatua umeen eguna izango da. Pelotalekuan hainbat jolas eukiko ditue lagunakaz tarte atsegin bat paseteko: scalextric-a eta auto telegidatuak, besteak beste. Herri-bazkaria be egongo da eta herriko koadrilek euren indarra neurtzeko aukerea eukiko dabe . Halan, koadrilen arteko erronkea antolatu da egun horretarako, eta parte-hartzaileek erakutsi beharko dabe eurak daukiela indar, arintasun eta abileziarik handiena. Ha oso ekimen polita izaten da eta, horregaitik, jai-batzordeak Zamudioko koadrila guztiak animau gura ditu bertan jardutera. Badakizue, zenbat eta gehiago, hainbat hobeto. Indarrak arin barritu beharko dira, gaua be laster etorriko dalako. Eta luzea izango da, gainera. Gin Tonic jazz-blues taldeak kontzertua eskiniko dau iluntzeko 8 eta erdietan, eta honeek hartuko deutsie txandea gaueko 11etatik aurrera: Zutik, La Pulquería eta Kantuk. Soinu ona zapatu gauerako. Domeka jaietako azken eguna izango da. Dantza agerraldia izango da Hiru bat dantza taldearen eskutik, eta Zamudioko diskoa aurkeztuko da jente-aurrean. Disko horretan, belaunaldirik belaunaldi heldu diran herriko kantak batu dira. Moldaketak Xabi Aburruzaga trikitilariak egin ditu, eta herritarrek hartu dabe parte grabaketan. Jai-egitaraua Azaroaren 10a, eguena, San Martin bezperea 17:00: Mortzilak ikusgai. 19:00: Pregoia, jai-batzordearen eskutik. Kartel Lehiaketearen sari banaketea, buruhandiak eta karamelu jaurtiketea. 20:30: Mortzilak aurkeztea, pelotalekuan. 20:45: Mortzilak dastatzea, pelotalekuan. 21:00: Fanfarrea. Azaroaren 11, barikua, San Martin Eguna 12:00: Mezea. 12:30: Kopaua eta trikitilariak. 16:00: Karta Txapelketea, Adintsuen Etxean. 17:30: Puzgarriak, eskolan. 23:00: Kontzertuak: Bizardunak + Bongo botrako + Trikizio. Azaroaren 12a, zapatua, San Martintxu 11:00: Umeentzako jolasak, pelotalekuan. 12:30: Kalejirea. 15:00: Herri bazkaria, pelotalekuan. 17:00: Mihiluze saioaren finala, pelotalekuan. 18:00: Koadrilen arteko erronkea. 20:30: Jazz-blues kontzertua: Gin Tonic taldea. 23:00: Zutik + La Pulquería + Kantuk. Azaroaren 13a, domekea 12:00: Mezea. 12:30: Kalejirea. 13:00: Dantza agerraldia, Hiru bat dantza taldearen eskutik. 18:00: Zamudioko diskoaren aurkezpena. XXVI. Azokea Ohikoa danez, jaien aurreko asteburuan Zamudioko Azokea izango da, eta haren barruan Euskadiko Limusin abelgorrien Txapelketea egingo da. Era berean, Lagun probazaleak taldeak idi-probak antolatu ditu azaroaren 4, 5 eta 7rako. Idi-probak iluntzeko 8,30ean izango dira. Azaroak 5, zapatua Euskadiko Limusin abelgorrien XIX. Txapelketea 10:30: Ganadua pisetea. 11:00: Umeentzako talo tailerra. 12:00: Abere lehiaketea (emeak). 12:00: Sukaldaritza Txapelketea, umeei zuzendua. 13:00: Taloak dastatzea. 17:00: Abere lehiaketea (harrak). Azaroak 6, domekea 10:00: Limusin abelgorrien, Zamudioko ganaduaren eta nekazaritza produktuen erakusketea. 12:00: Txakolinaren eta gaztaiaren dastatzea. 12:00: Txapelketako behi, zezen eta ganadutegi onenaren aukeraketea. 12:45: Txapelketako sari eta garaikurren banaketea. Ostean, enkantea. 13:30: Nekazaritza Lehiaketako sari eta garaikurren banaketea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).