Sarritan, oinez jotzen dugu Larrabetzutik Zamudio aldera, Teknologia Parketik buelta bat emateko. Larrabetzutik irten eta badago espaloia eskuman, ia herriko mugaraino. Bidea amaitzen denean, errepidea gurutzatu behar dugu zirkulazio-arautegia bete nahi badugu, eta zintarririk ere ez duen errepide gordinetik gutxi gorabehera kilometro erdia egiteko. Lezamako bigarren autobus-geltokiaren parean berriro gurutzatu behar dugu, eskuman Kurtze auzoraino doan espaloia dagoelako. Handik Teknologia Parkeko sarreraraino, errepidearen hegaletik ibili behar da berriro, trafikoa asko areagotzen dela. Gainera, kamioiak aparkatuta dauden lekuetan errepidetik bertatik ibili behar da zenbait kilometrotan.
Parkera heltzen naizenean, hankak gabe burua dut oso nekatuta, gure inguru honetan ibiltzea oso estresagarria baita. Gure paseoa ez da batere lasaigarria; are gehiago, arriskutsua da. Hala ere, asko dira bidean zehar topatzen ditudan lagunak, oinez eta bizikletaz. Ni bezala, haurrekin zein taldean irteten direnak, gorputza mugitzea oso sanoa baita eta ez dugulako etsi nahi.
Berri ona izango da guztiontzat, Bizi Txorierri taldeak bultzatuta, ibilbide hau zein Bilbora heltzen den adarra bidegorriz hornitzen direnean. Espero dezagun krisia aitzakia berriro ez izatea, proiektuan dagoen hobekuntza hau ez burutzeko.