Panpinatxuak botoi-zuloan

Aikor aldizkaria 2012ko urt. 26a, 12:24
Lagun bat ikusi dot berokian panpinatxua eroiala. Paparreko bitxia eta polita dala esan deutsat, eta halakoak lezamar batek, Amaia Iruretagoienak, egiten dituala erantzun deust. Amaiagaz gelditu naz kafe bana hartzeko, eta kolorezko panpinatxuez betetako maleta ekarri deust. Amaiak azaldu deust eskulanak betidanik gustaten jakozala. Eta beharrak nahikoa denpora librea ixten deutsanez, ahiztarentzat eta lagunentzat hasi zala panpinatxu-itxurako paparrekoak egiten. Lagun batek denda bi ditu –bata, Derion; eta bestea, Mungian-, eta panpinatxuak dendotan salgai jarteko proposamena egin eutsan. Munduak halan ezagutu zituan lezamarraren osagarriak. “Egia esan, hasieran egiten nituan panpinatxuak gaur egun egiten ditudanakaz alderatzen baditut, hareek bilakaerea handia euki dabela uste dot. Hasierakoak oso sinpleak ziren, eta gaur egungoei osagarriak eta guzti jarten deutsedaz: boltsea, botak, lepokoa...”. Jantziak ibiltokian erakusten dituen izen handiko jostunek moduan, Amaiak urtaroen arabera janzten ditu panpinatxuak. “Udabarri-udarako eta udazken-negurako egiten dodaz paparreko sortak. Autodidakta naz eta ideak handik eta hemendik ateraten dodaz. Panpinatxua egiten nabilela, hari zer jatorkon ondo, eta zer ez, ikusten joaten naz”. Emaitzak edonork –nagusiek, gazteek zein umeek- erabili daikean osagarri deigarriak eta modernoak dira. Are gehiago, horreek erabat esklusiboak dira, paparreko bi bardinik ez dagoalako, eta bezeroa seguru egon daiteke beste inork ez dauala berarena moduko osagarririk eroango. “Neurrirako beharrak be egiten dodaz: bilbainitak, Athleticeko jokalariak, maitegarriak... Bestetik, Erakusleihoen Derioko Lehiaketa zala-eta, Olentzero eta Mari Domingi egin nituan Poxpolin dendarako, lehenengo saria lortu genduan”. Birziklatuak Amaiak batez beste ordu bi emoten ditu paparreko bakotxa egiteko. Ardi-ulea erabilten dau, panpinatxuen ulerako; eta feltroa, arpegiak eta jantziak egiteko. Eta birziklatu daiteken edozein gauza bihurtzen dau panpinatxuen boltsa, botak edo apaingarri: jostailu zaharrak, bikiniak, erroparen etiketak eta boltsen zatiak, tartean. Era berean, aletxuak erosten ditu eskulan dendetan. “Gatxena egiten ulea da. Ondo lotu daiten, panpinatxuaren buruaren hainbat lekutan josi behar dalako. Ez da erraza ule bakotxa bere lekuan egotea lortzea; jantzia, ostera, momentu baten egiten da”. Paparrekoak Poxpolin Derioko dendan dagoz salgai, 19,90 eurotan. Azaldu deuskuen legez, gaur ipini, eta biharko agortu egiten dira. “Lagunak eta senarrak animau ninduen abendura honetan sartzera, eta autortu behar dot oso pozik nagoala. Paparrekoek oso harrera ona euki dabe; berokian, fularrean, boltsan edo edozein lekutan ipini daikezuz, eta ederto emoten dabe”. Hainbat aukera aztertzen dabil Amaia, eta, paparrekoen arrakastea ikusita, baliteke azoketan-eta saiatzea. Eta bestelako osagarriak be egiten hastea, boltsak, esate baterako.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).