Euskara mihiaren puntan

Aikor aldizkaria 2012ko ots. 22a, 14:24
Txorierrin antolatuko den Mihiluze lehiaketan Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleek hartu ahalko dute parte. Euskara arloan duten jakintza erakutsi beharko dute eta, horren truke, irabazleek familian disfrutatzeko sariak jasoko dituzte.
Mihiluze EITBko saiorik arrakastatsuenetariko bat da; dibertigarria eta egokia euskara lantzeko. Saioa oinarritzat hartuta, Txorierriko Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak “Mihiluze Txorierrin” lehiaketa jarri du abian. Hura Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan dabiltzan ikasleei dago zuzenduta, eta gaztetxoek eskola orduetatik kanpo euskaraz gozatzea eta hizkuntza lantzea ditu helburu nagusitzat. Lehiaketa herri bakoitzeko ludotekaren bitartez bideratuko da. Izena emateko epea martxoaren 1etik apirilaren 20ra arte egongo da zabalik. Hori bakoitzari dagokion ludotekan egin beharko da, eta parte-hartzaileak bikotea osatuta dutela edo bakarrik azaldu ahalko dira hara. Izan ere, aukera dago bikotea ludotekan bertan osatzeko. Kanporaketak apirilaren 23tik maiatzaren 20ra bitartean egingo dira. Ludoteka bakoitzak bere funtzionamenduaren eta parte hartzaileen disponibilitatearen arabera antolatuko ditu kanporaketok. Saio bakoitzak ordu eta erdiko iraupena edukiko du eta gehienez lau bikote arituko dira batera. Parte-hartzaileek telebistako saioan agertzen diren proba berberei egin beharko diete aurre: Erantzuna emanda, Tribuaren berbak, Hieroglifikoak, Horma, Potokumeak, Esamesak anabasak eta Zer da zer. Bikoteei galdera bana egingo zaie atal bakoitzari buruz. Bikote irabazle bakarra aterako da herri bakoitzetik, eta horiek finalaurrekoetara joango dira. Oraindik ez dago zehaztuta finalaurrekoak zein egunetan eta non egingo diren; hala ere, aurrera daiteke egun bitan izango direla eta bi ludoteka desberdinetan egingo direla. Egun bakoitzean hiru herritako ordezkariak arituko dira norgehiagoka, eta puntuaziorik altuena lortzen duten hiru bikoteak finalera pasatuko dira. Euskara Zerbitzutik adierazitakoaren arabera, asmoa dago finala ekainaren lehenengo egunetan egiteko. Bertara, nahi duten herritarrak joan ahalko dira ikusle, eta leku egoki batean egingo da, ahalik eta publiko gehien hartu ahal izateko. Sariak Euskaraz gozatu eta hizkuntza lantzeaz gainera, “Mihiluze Txorierrin” Lehiaketak aukera ederra eskaintzen die gaztetxoei, ondo pasatzeko, lagun berriak egiteko eta, zergatik ez, herrien arteko “lehia” berpizteko; beti ere modu on eta egokian. Parte-hartzaile guztiek kamiseta bana jasoko dute saritzat, eta kamisetetan “Mihiluze Txorierrin” logotipoa azalduko da. Finalera ailegatzen diren hiru bikoteek familia osoarekin disfrutatzeko ekimen bana jasoko dute saritzat. Sariok bikote bakoitzak lortutako emaitzen araberakoak izango dira. Mihiluze saioak telebistatik herrira egin du salto, eta hura oso arrakastatsua izan da antolatu den herri guztietan. Horregatik, Txorierriko gaztetxoek ere lehiaketarekin bat egitea espero dute Euskara Zerbitzutik. Beraz, badakizue; animatu, izena eman eta… euskaraz gozatu!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).