Opor zurigorriak

Aikor aldizkaria 2012ko api. 25a, 14:24
Noraino eramango zenuke zaletasuna? Jonek, Europa osoraino. Izan ere, zamudioztarra kontinenteko hainbat txokotatik ibili da Athleticen atzetik. Horrela pasio bi uztartzen ditu: Athletic eta bidaiak. Azken asteotan, Athletic Clubek sorrarazten duen pasioaren berri izan dugu, eta hona hemen beste adibidea, Jon Paulo zamudioztarra. Jon saltzailea da, eta urte hasieran erabaki zuen bere klub maitagarriarekin batera ibiliko zela Europa mailako partida guztietan. “Nagusiak ero nengoela pentsatu zuen, baina azkenean onartu egin zuen”. Jon ez da bakarrik joaten, Itziar, emaztea, ere badelako Athleticzale sutsua. “Itziar nirekin etorri ezean, ez nintzateke partida guztietara joango, beharbada. Baina beti elkarrekin joaten garenez, ez dago arazorik. Batzuetan zalantzak izan ditugu: joango gara?, galdetzen diogu geure buruari. Eta berak animatzen nau eta beti baietz esaten dugu”. Jon eta Itziar Europatik ibiltzen dira Athleticekin, ez Estatutik. “Itzela da gure jokalariak Bilbotik kanpo ikustea. Berez, gure oporrak dira. Aurten ia-ia agortu zaizkigu: Lisboan lau egun eman ditugu Athletic-Sporting ikusten; Madrilera joateko asmoa ere badugu...”. Normalean Athleticeko jokalariekin bidaiatzen dute, eta batez bestez hiru egun ematen dituzte hiri bakoitzean. Lisboaz gain, Istanbul, Bratislava, Salzburgo, Paris, Mosku, Manchester eta Gelsenkirchen bisitatu dituzte Jonek eta Itziarrek aurten. Gehien gustatu zaiena Istanbul izan da. “Hiria izugarria da, nahiz eta partida bertan behera gelditu zen. Azkenean Athleticek jokatu ez arren, sailkapena lortu zuen. Gustatuko litzaidakeen partida ikusi izana, Turkian futbola zelan bizi duten zuzenean ikusteko. Antza, sutsu-sutsuak dira bertan”. Oro har, irteera politak bizitzeko aukera izan dute, baina gutxien gustatu zaiena Alemaniakoa izan da. “Gelsenkirchen hiri txikia da eta ez da oso polita, eta denbora gehiena handik gertu, Dusseldorfen, eman genuen. Manchester ere ez da batere polita, baina giroa itzela izan zen: 8.000 lagun joan ginen eta oso zirraragarria izan zen: futbol mailan, irteera politena. Gogoratzen dudan bakoitzean, bizarrak zutik jartzen zaizkit. Orain Eskoziara joatea gustatuko litzaidake: alde batetik, hango paisaia zoragarriengatik; bestetik, bertan futbola era berezi batean bizi dutelako”. Beldurra, Vienan Duela bi urte ere bidaiak egin zituzten Athleticekin batera, eta haietako batzuetatik erabat ikaratuta itzuli ziren. “Vienan oso txarto pasatu genuen. Hainbat herritako eskuin-muturreko lagunek manifestazioa egin zuten bertan partidaren egunean, eta oso giro txarra egon zen. Epaileak partida bi aldiz eten behar izan zuen, jendea zelaira bengalak botatzen zebilelako. Harmailetan ez geunduen Athleticeko zaletu gehiengoarekin, eta inguruko zaletuak guri irainduak botatzen ibili ziren partida osoan zehar. Eta nire alboko zaletu zurigorri bati atzamarra apurtu zioten. Partida bukatu zenean, irteeran gure zain zeuden Austriako zaletuak eta berriro sartu ginen zelaira. Eskerrak gure alboan Pablo Orbaiz Athleticeko jokalariaren emaztea zegoela. Berak senarrari deitu eta geroago polizia etorri zen gu babestera. Autobusean geundela, edalontziak eta botilak bota zizkiguten. Gutxigatik atera ginen bizirik. Urte berean Bruselara joan ginen eta hor ere txarto pasatu genuen, baina horretan poliziak primeran babestu gintuen”. Jon poz-pozik dabil Athleticek aurten daraman bidearekin, eta horregatik oso baikorra da denboraldiaren amaierari begira. Europa Ligako finalera heltzea espero du, eta Valentziaren kontra jokatzea nahiago du. “Ez zait gustatzen Atletico de Madrid, ez zaizkit jatorrak iruditzen eta normalean emaitza txarragoak lortzen ditugu euren kontra. Gainera, bere zale askok gorrotoa digute eta arriskutsua izan daiteke”. Kopako finalari dagokionez, Madrilera joango da Jon, txartela duela edo ez duela. Izan ere, orain dela hiru urte Valentzian jokatu zen finalean ibili zen eta primeran pasatu zuen bertan. “Valentzian giro aparta zegoen goiz-goizetik. Gu Athletic Hiria karpapean egon ginen egun osoan zehar eta han ibili ginen ezagunak agurtzen, kantatzen eta dantzatzen... Tamalez, oso partida txarra egin zuen Athleticek eta norgehiagoka bukatu zenean, haserre-haserre joan nintzen hotelera”. Aurten beste emaitza bat espero du Jonek. “Duela hiru urte finalera ailegatzea nahikoa zen; aurten, aldiz, garaipena da gure helburua”. Zamudioztarrari ez zaio Vicente Calderón futbol zelaia gustatzen eta beste aukera bat proposatu digu finala jokatzeko. “Zergatik ez Bartzelonako Camp Noun? Athleticek berdin-berdin jokatzen du zelai guztietan. Eurek guk baino beldur handiagoa izango zuten. Zer gertatuko zen euren zelaian irabaziko bagenie?”. Ez dugu horrelakorik inoiz jakingo, finala Madrilen jokatuko baita. Jon, hainbat zaletu zurigorriren moduan, han egongo da maiatzaren 25ean, eta egun berean bukaera emango die aurten bizi dituen opor zurigorriei.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).