Pandak, basamortuan

Aikor aldizkaria 2012ko api. 25a, 14:46
Carlos Rodriguez eta Jose Manuel Exposito zamudioztarrek Pink Furious taldea osatu dute, Raid Pandemonium ekimenean parte hartu duten taldeetariko bat. Harritza eta duna artean Seat Panda bat gidatzen zutela, Marokoko Atlas mendikatea eta hango herriak, jendea eta paisaiak ezagutzeko aukera eduki dute. Raid Pandemonium martxoaren 18tik 25era egin zen, eta Marokon Estatu osotik etorritako hamahiru bikote batu zituen. Bidaiatzeko modu berri bat da, turismoa, abentura eta elkartasuna uztartzen dituena, eta Joseba García zamudioztarra da antolatzailea. Hain zuzen ere, Joseba izan zen Carlos eta Jose Manuel animatu zituena ekimen honetan parte hartzera. “Ideia raid solidario bat antolatzea zen, eta hango jendeari laguntza apur bat eramatea. Guztira, tona eta erdi material eraman genuen 13 autotan banatuta: eskolako materiala, arropa... Une politak izan dira. Adibidez, herrixka batean, Athleticeko baloia eman genion ume bati. Hasieran lotsaz hurbiltzen zen baloira, baina hura eskuan eduki zuenean, irribarre handia oparitu zigun. Hunkigarria izan zen”. Zamudioko Udalak ekarpena egin eta eskolako materiala eman zien basamortura eramateko. Berrogeita hamabost zaldi baino gutxiago eta 20 urte baino gehiago dituen Seat Panda aukeratu zuten Carlosek eta Jose Manuelek ibilgailutzat; parte-hartzaile guztiek bezala. “Autoek ezaugarri horiek biak bete behar zituzten, eta beste modelo batzuen artean hautatzeko aukera bazegoen ere, Pandak arrazoizko prezioa du eta erraza da prestatzen”. Raid Pandemonium ekimenak lehiaketa kutsua ere izan du, baina ez zentzu hertsian. Azaldu digutenaren arabera, egunero bataz beste 300 kilometro egin behar zituzten leku batetik bestera joateko. Antolatzaileek ibilbide-liburua eman zieten, eta hura erabilita saiatu behar ziren ibilbidea egiten. Erregulartasun eta orientazio-probak ere egin zituzten. “Kopilotu ona edukitzea pilotu ona izatea baino askoz inportanteagoa zen. Gure kasua ez zen hala gertatu, lehenengo herrian galdu egin ginelako bigarren biribilgunean (kar, kar). Baina geure burua aski dugunez, herritik bueltaka sei ordu eman ostean, bidea topatu eta taldearekin bat egitea lortu genuen (kar, kar)”. Dena dela, aitortu digute lehiaketan interes handirik ez zutela, eta gogoa batez ere ekimenaren zati turistikoan jarri zutela. “Herri itzela da, paisaiak, jendea... Lau autok osatutako taldeetan joaten ginen askotan. Lehenengoek nondik joan erakusten ziguten; eta gu beti atzean, argazkiak egiten. Leku harrigarrietan egon gara, Momia filma grabatu zuten inguruan, esate baterako”. Lasaiago Nota ona eman diete antolatzaileei, eta rallyetan eta halako probetan eskarmentu handia duten profesionalen laguntza eduki dutela aipatu digute; Rafa Landa larrabetzuarra, tartean. Parte-hartzaileen arteko giro ona eta elkartasuna ere azpimarratu dituzte. “Guk ez dakigu ezer mekanikari buruz, eta «Hau apurtu...» esaldia bukatu baino lehen, bazeuden lagun bi gure auto azpian matxura konpontzen saiatzen. Motelgailuak apurtu zaizkigunean, adibidez, ordezko zituztenak jarri zizkiguten parte-hartzaile batzuek. Eta atzeko ardatza tolestu zaigunean, hamar lagun ibili ziren autoan saltoka, ea hura destolestea lortzen zuten. Eta lortu zuten”. Irabaztea helburu zutenak ere egon ziren raidean. “Baina basamortuak burua makarrarazten dizu, eta autoari esfortzu handiegia eskatzen badiozu, ez dakizu zer gerta daitekeen. Batzuek, guk bezala, turismo egin zuten azkenean”. Harritza eta duna artean gidatzea esperientzia polita eta dibertigarria izan dela aipatu digute, baina gustatuko zitzaiekeela hain gogorra izan ez balitz, eta ibilbidean topatu zituzten herrietan denbora handiagoa eman ahal izan balute. Hala ere, hango jendea eta haren bizimodua apur bat ezagutzeko aukera izan zuten. “Motelgailuak berriro apurtu eta autoa mekanika-lantegi batera eraman behar izan genuen. Gure autorako motelgailurik ez zuten, baina, asmamen handiz, beste auto-modelo batekoak egokitu eta gure autoari jarri zizkioten. Egia esateko, oso txarto doaz, baina badoaz. Bitartean, herritik ibili ginen, zerbait hartzen eta jendearekin nahasten. Oso lasaiak dira, atseginak, eta gu ere lasai ibili ginen, gustura”. Datorren urtean, Raid Pandemonium egingo da bigarren aldiz, eta Carlosek eta Jose Manuelek ez dute bertan parte hartuko, ziur aski. Nolanahi ere, oraingo honetan ezagututako jendea, herrixkak, dunak, basamortua, paisaiak... inoiz berriro ikusteko asmoa dute. Bidaia hori lasaiagoa izango da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).