Erdi hutsik dauden terrazetan, lagunartean, beste aktore bat azaldu zaigu azken asteetan. Murrizketa ekonomikoek txokoa egitea lortu dute igande goizetako oliba eta raben artean. Ohiko elementu bilakatu dira gure egunerokotasunean. Krisi ekonomiko larria bizi dugula gogorarazten digute une oro, badakigu, azken hilabeteetan ez dugu besterik entzuten, baina erreakzioak falta dira. Agintariez, gezurrez eta berbaldi hutsalez nekatuta gaude, gehiegi, erantzunen beharrean gara, korapiloa askatuko duen makilatxo magikoaren bila.
Bitartean eta bidea zimendatzeko, kultura beharrezkoa dugu aurrera egiten jakiteko. Txirotasunean eta kulturari uko eginez bizitzea baliagarria da soilik, zirko mediatikoko printzesa izendatu den sudur okertua izatera heldu nahi duenarentzat. Horregatik, korapiloa oraindik ere korapilatsuago egiten duten burmuin huts eta estatikoetatik alde egiteko, kultura beharrezko tresna dugu. Bizi dugun egoera jakiteko, ulertzeko eta erantzunak bilatzeko irtenbidea da. Utz ditzagun alde batera inora ez garamatzaten berbaldiak eta kexak, eta erein ditzagun etorkizuna argituko duten haziak, kulturaren sustraiak…