Euskararen doodle-a

Aikor aldizkaria 2012ko aza. 13a, 09:49

Euskararen Nazioarteko Egunaren (ENE) haritik, Eusko Ikaskuntzak kanpaina bat jarri du abian, euskara sarean ikusgai egon dadin. Hala, erakundearen kolaboratzaileek doodle edo ikono bi diseinatu dituzte, Google bilatzailearen orrialde nagusian sartzeko. Google mundu osoan gehien erabiltzen den bilatzailea da. Kanpainarekin bat egiteko, www.eusko-ikaskuntza.org/ene webgunera sar daiteke eta han dagoen eskaera bete. Atxikimenduak abenduaren 1era arte jasoko dira eta hurrengo egunean Googlera aginduko dira, egokitzat jotzen badute, abenduaren 3an bilatzailearen orrian euskararen doodle-a ipin dezaten. Kanpainan parte hartzen dutenen artean egutegiak eta agendak zozketatuko dituzte. Euskararen Nazioarteko Eguna 1949. urtean sortu zen Eusko Ikaskuntzaren baitan, euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna aldarrikatzeko. Era berean, ospakizunak munduan zehar sakabanatuta dauden euskaldunak euskararen inguruan batu eta hizkuntzak bizitzaren esparru guztietan duen proiekzioa azpimarratzea du helburutzat. Beste alde batetik, esan beharra dago aurten ENE Saria zazpigarren aldiz emango dela. Antolatzaileek kanpoko erakunde bati ematen diote saria, hark euskararen eta euskal kulturaren alde egiten duen lanagatik. Erakundeak jendearen esker ona eta Nestor Basterretxeak diseinatutako anagrama jasoko ditu saritzat.