Futbolaren pornografia

Aikor aldizkaria 2012ko aza. 22a, 14:02

Testua: Asier Oruetxebarria, irakaslea

Podereak bere erotikea dauala esan ei da, agintzeak eta kontrolatzeak badaukie euren erakargarritasuna, antza. Erotikea eta pornografia desbardinak dira, poderea eta futbola desbardinak diran moduan; horregaitik futbolak bere pornografia dauka. Ez pentsau lizunkerietan edo erropaz eskas jantzitako jokalariez osatutako egutegietan. Aspaldidanik futbolaren egoera kalifikau eta klasifikau gura izan dot. Gehiegizkoa, lekuz kanpokoa, errealidadetik urruna… eta hamaikatxu buelta emon ostean pornografikoa dala iruditu izan jat. Ez dot izenondo egokiagorik aurkitu. Ez dot futbol-kirolari buruz hitz egingo, horretarako telebista aurreko hainbat entrenatzaile dago. Futbol-negozioari buruz hitz egin gura dot. Horrenbeste fitxajek, milioik, klausulak eta emisio eskubidek zoratu, edo beharbada zorabiotu, egiten nabe. Beste alde batetik, ironikoki pentsauta, pozgarria da gaurko krisialdia ikusita jarduera ekonomiko bat hain ondo aritzea, eta batez be, haren langileak bere behar ekonomikoak asetuta edukitzea (batzuek ez, baina zer egingo deutsagu, mundu guztia ez dago inoiz pozik). Are gehiago, gazte jenteak sufritzen dauan langabezi tasa ikusita, langile gehienak gazteak dira. Eta gainera, berrogei urtera heldu baino lehen jubilauta. Athleticek, adibidez, egoitza barria egingo dau. Athleticek, Foru Aldundiak, Jaurlaritzak... ez dakit, parte-hartze anitza; kooperatiba bat izango da, ezta? Benetan egoera idilikoa. Baina, urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau. Futbolean barneratzen garenean, zenbat faktura ordaindu barik, zenbat zor ogasun publikoagaz. Kopuru honeek be zorabiotu (haserratu) egiten nabe. Bankuak, aurrezki kutxak edo administrazinoak eskuzabalak izaten dira futbolagaz. Baina, kaletar xumeok etxebizitzetatik botaten gaitue. Zenbat, mediku, erizain edo irakasle ordaindu daitekez futbolak administrazinoari zor deutsanagaz? Futbolean ez dago murrizketarik? San Mames eta Anoeta ezin dira itxi? Erroma zaharrean zirkua zan jentetzaren loarazlea. Gaur egun futbola eta telebista, edo telebistaz emoten daben futbola. Honek eztandarik egingo dau? Zordun diran taldeak, Lemona moduan, mailaz bajatuko dira? Real Madrid edo Barcelona hirugarren mailan ikusiko doguz? Galdera gehiegi. Orain erantzunetan pentsetan hasi behar dot edo, ziurrenik, etorkizunak ekarriko deuskuz erantzunak. Arratsalde euritsu honetan gitxienez Athleticek irabazi dau. Aupa Athletic!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).