Sondikako kaleak, txokoak, aretoak, tabernak... euskarak hartu ditu aurten. Eta hori inoiz baino indar handiagoarekin egin du; izan ere, Euskararen Nazioarteko Eguna bertan ospatu dugu orain dela gutxi. Ospakizunei umorez eman genien hasiera, bertso-hoparen doinua ipini genien, eta eztabaidarako guneak ere ireki genituen. Goi mailako bertsolarien ateraldiekin gozatu genuen, lehen eta oraingo abestiekin ausartu ginen, eta giza-katea osatu genuen, berton ere euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko. Umeek ere haien lekua topatu zuten hainbeste ekitaldi artean: antzerkia, euskaraokea eta magia. Eta gutariko batzuk Donostiara abiatu ziren, Kontseiluak deitutako manifestazioan parte hartzera. Baina euskarak ez zituen soilik Sondikako kaleak hartu, Euskararen Egunaren haritik Txorierriko gainontzeko herrietan ere, hainbat ekintza antolatu zirelako. Hala ere, ezin dugu ahaztu euskararen normalizazioa ez dela egun bakan batzuetako aldarrikapena. Hori ondo dakite gure elkarteek, euskaltegiek eta erakundeek, zeinek urteko egun guztietan ahalegin handia egiten baitute, Txorierrin euskara ozen entzun dadin.