Argazki ikastaroak antolatu ditugu Berbalagunekoek

Aikor aldizkaria 2013ko urt. 25a, 10:37

Argazkia: Oihane Goienetxe

Urtarrilerako ekitaldia antolatu dugu Tximintx Derioko euskara elkartearen kideekin batera. Domekan, argazkigintzaren gaineko ikastaroa egingo dugu eta han oinarrizko ezagutza emango digute, argazki politak eta dotoreak ateratzeko. Ikastaro azkar-azkarra izango da eta ostean Bilbora abiatuko gara, argazki-kamara eskuan edukiko dugula. Hiriburuak bilakaera itzela eduki du azken urteotan, eta hura gure objektiboen bitartez jaso dugu. Horrezaz gainera, beste ikastaro bi antolatu dugu: bata, urtarrilaren 31rako; eta bestea, otsailaren 14rako. Lehenengoan, argazkiak zelan kudeatu ikasiko dugu eta horretarako argazkigintza programak erabiliko ditugu. Bigarrenean, argazkiak Interneten dauden gizarte-sare eta webgune nagusietara zelan igo irakatsiko digute. Aipatu beharra dago ikastaroak Tximintx elkartearen kideek eta Berbalagun egitasmoan dabiltzan lagunek emango dituztela. Ikastaroak Derioko Kultur Birikan izango dira. Afaria dugu! Berbalagunen arteko afaria otsailaren 8an egingo dugu aurten, Lezamako txokoan. Mahaian gaueko 9etan eseriko gara. Txokoan menu gozo honetaz gozatzeko aukera edukiko dugu: entsalada, odolosteak, bakailaoa piperrekin, postrea eta edaria. Afariak 15 euro balio izango du laguneko. Gainera, aipatu behar dugu ez dela afari arrunta izango, ez. Kantu afaria izango da eta musika Taberna Ibiltariak ipiniko du. Goxo-goxo eta musikatua! Izena emateko: 635 75 35 95; txorierri.berbalaguna@gmail.com