Su Ta Gar eta O´Funkillo, Pazko jaietan

Aikor aldizkaria 2013ko api. 26a, 10:00

Udabarriagaz batera hasierea emon deutsagu jaien denporaldiari. Zamudion, Pazko jaiak ospatuko ditue maiatzaren 17tik 20ra bitartean eta Eguraldi ona jai-batzordeak herritar guztiei zuzendutako ekitaldiak antolatu ditu lau egun horreetarako. Badira ekintzak hain arrakastatsuak diranak ezen beti antolatu behar baitira. Hareetako bat Sukalki Txapelketea da, herritar asko batzen dituana eta ohiko bihurtu dana. Zaldien oztopo Lasterketea be jaietan bere lekua irabazi dauen ekintzea da, helduak zein umeak gozarazoten dituana. Era berean, auto klasikoen erakusketea erabat erakargarria dan ekitaldia da. Autoak herriko kaleetan zehar jarriko dira ikusgai domekan. Aitatutakoez gainera, Zamudioko Pazko jaiek aukera bat baino gehiago ekarriko deuskuez ondo pasetako. Umeek jolasak eukiko ditue, eta pelotazaleek zaletu seniorren arteko pelota partiduak ikusteko aukerea izango dabe. Gainera, herriko Pelota Eskolaren umeak be frontoian arituko dira: Lasa-Origosa bikotea, Ortiz de Zarate-Zarate bikotearen kontra, eta Cura-Txertudi bikotea, Botana-Zarate bikotearen kontra. Dantzen agerraldia be izango da eta aurten Kataluniako dantza talde bat konbidatu dabe Hiru Bat dantza taldeagaz erakustaldia egitera. Bestalde, Zamudioko Kamara Koralak Udabarriko kontzertuetan hartu dau parte, 34. aldiz egingo diranak. Besteak beste, O´Funkillo eta Su Ta Gar taldeek bariku eta zapatuko gaua girotuko dabe. Su Ta Gar heavy metal egiten daben Euskal Herriko talderik inportanteenetariko bat da eta ibilpidea oso oparoa daukie. Eszenatoki gainean 26 urte daroez eta 11 lan emon ditue argitara. Taldekideek esaten daben moduan, O´Funkillo “funky andaluz embrutessío” egiten dauen taldea da. Izan be, abestietan metal, flamenkoa eta reggae be buztartzen ditue. Taldea 1997. urtean sortu zan eta orotara lau lan kaleratu ditue. O´Funkillo 2006. urtean banandu zan, baina sortzaileak 2010. urtean batu ziran barriro, taldea berrartzeko. Ikusmina sortuko daben kontzertuak, zalantza barik. Goxo-goxo Sukalki Txapelketeak hiru sari banatuko ditu; guztira 300 euro. Irabazleak 150 euro jasoko ditu saritzat, 100 euro bigarren lotzen danak eta 50 euro hirugarrenak. Txapelketea Bidekoetxe parkean izango da eta parte-hartzaileek goizeko 9etan egin beharko dabe izena emotea. Sukalkia prestetako, oinarrizko osagai honeek erabili beharko ditue: behi okelea, patatak, tomateak, kipulak, piper gorriak, zenoriak, idarrak, orioa eta gatza. Epaimahaikoak 13:30 inguruan pasauko dira jakiak probetara. Euren erabagia 14:00etan jakinarazoko dabe. Maiatzak 17, barikua 19:00: Txupinazoa eta gozokiak, Sabino Arana plazan. Kalejirea, Bertokogaz eta Zamudioko txistulariakaz. 20:00: Beat Box, Kultura Etxean. Perretxiko jana. 23:00: Kontzertuak, Sabino Arana plazan: La vieja + O´Funkillo + Oxabi. Maiatzak 18, zapatua. Sukalki eguna 09:00: Sukalki Txapelketarako izena emotea, Bidekoetxe parkean. 10:00: Zaldien oztopo Lasterketea, Bidekoetxe parkean. 12:00: Kalejirea, Bertokogaz. 13:30: Sukalki Txapelketearen sariak banatzea, Bidekoetxe parkean. 16:00: Umeentzako jolasak, Bidekoetxe parkean. 18:00: Hiru Bat dantza taldea eta Kataluniako dantza talde bat, Kultura Etxean. 20:00: XXXIV. Udabarriko kontzertuak, San Martin eleizan: Zamudioko Kamara Korala. 23:00: Kontzertuak, Sabino Arana plazan: Governors + Su Ta Gar + Garilak 26. Maiatzak 19, domeka 10:00: Ibilgailu klasikoen erakusketea, herri osoan zehar. 11:00: Umeentzako parkea, Kultura Etxean. Benjaminen arteko pelota partiduak, frontoian. 12:15: Zaletu seniorren arteko pelota partiduak, frontoian. 17:00: Futbolin Txapelketea, Gazte Estazinoan. 19:00: Kalaka taldea, karrajuan. Maiatzak 20, astelehena 12:00: Mezea. Kalejirea, Zamudioko txistulariakaz. 12:30: Kopaua, eleizpean. 16:00: Karta Txapelketea, Adintsuen Etxean.