Euskal modernoak behar ditugu!

Aikor aldizkaria 2013ko api. 26a, 10:23

t: Amaia Rementeria

Gure kultura, hizkuntza, tradizioa, XXI. mendea eta euskal gazteria uztargarriak direla frogatu behar diegu geure buruari eta ondorengoei. A zelako esaldi potoloa arratsalde euritsu honetarako! Gogoeta hau aspaldian dabil bueltaka nire buruan, euskaltasuna aldarrikatzeko, jaialdi batera “baserritarrez jantzita” edo “arrantzalez jantzita” joateko deia egiten dela irakurtzean. Zeharo okerra eta arriskutsua, euskaltasuna eta “antzinako moda” omen dena nahastea, neure uste apalean. Batetik, euskaltasuna edo euskaraz aritzeko harrotasuna ez delako aspaldiko mendeetan erabili omen ziren soinekoetan islatu behar. Euskal modernoak behar ditugu, soinean edozelako janzkera zein itxura apurtzailea dutela gure hizkuntza erabiltzen dutenak! Eta bestetik, hainbat gazte ari delako gure baserriak, belardiak eta arrantza-ontziak biziberritu nahian. Ikasketak horri begira eta gure lurra eta kultura defendatu nahi berrian, eta a zelako zortea!... piercingak dituzte, tatuajeak, txapela eta mototsa azpian, arropa marka ezagunak, legginsak, koadrodun jakak eta mahonezko prakak jausita, galtzontziloak eta tangak agirian: baserritar peto-petoak! Bukatzeko, eta sabela husturik, “euskal jantzi tradizionala” aipatzen duten deialdi egileak zoriondu nahi ditut, baina soilik hizkuntza era egokian erabiltzeagatik. Euskaraz bizitzeko apustua egin dugun XXI. mendeko itxuradunok “euskal modernitatea” euskal jaien deialdietara eraman dezagun aldarrikatu nahi dut... euskara antzinatik datorren arren, etorkizuneko hizkuntza baita!