Eztabaidea

Aikor aldizkaria 2013ko eka. 24a, 09:37

Testua eta argazkia: Asier Vicario

Askotan, betidanik, joaten naz hain gustuko dodan Gaztelumendi aldera. Seme-alabakaz batzuetan, txakurrakaz gehienetan... Leku nasaia, isila da. Gorbeia, Anboto… Gaztelu Larrabetzuko auzoko baserri handi, polit eta zaharren izugarrizko bistak oparitzen dituan horreetariko bat. Neure buruari beti egin deutsat galdera hau: hainbeste urte pasa ondoren, zergaitik irauten dau zutunik tontorrean dagoan monumentuak, gerra denporako bunkerren artean, bertakoei etsaien lorpenak gogorazoz? Beti pentsau dot gure lurrean sobran dagoala. Nahiz eta han dagoan idatzia jada irakurriezina izan, zutunik dagoan bitartean, nolabait gure adostasuna edo konformismoaren testigua da. Larogeta hamargarren hamarkadan, Kartzarot taldean nengoala, abesti bat idazti neban horren gainean: “beldurrekin lortu zendun gure txarrerako asmo guztiak Baskoak hil, gerra zibil, euskera apurtu, pantanoak ein Gernika agur, buruak makur, zabela betetzeko ibili zur Baina burdinezko gerrikoan aurkitu zendun gure arima… eta abesti hau” Gaur, askotan bezala, hara joan naz paseoan eta ikusi dot beste batek be neure pentsamentua euki dauala. Eta pentsetatik ekintzara pasau dala. Astiro-astiro, harriz harri, monumentua botatzeko gurean dabilelako. Eta zerbait arraroa gertatu jat. Alde batetik, ziur nago sobran dagoana; baina bestetik, gogora etorri jataz seme-alabakaz bertara joandako aldiak eta hareen galderak. Azaldu ahal izan deutset zergaitik dagoan hor, nork agindu eban ipinteko, horren ondorioa Euskal Herriko gaur egungo egoera politikoaren azalpenaren zati garrantzitsu bat dala, zer gertatu zan orduan euskereagaz eta euskaldunokaz, zergaitik, beraz, euskeraz mintzatzen ahalegindu behar dogun... Eta Zer gara gu, nor gara gu abesten handik abiau gara hirurok inoz, Lezamarantz, Basabaletik batzuetan; Etxerretik beste batzuetan. Txakurrak gure inguruan saltoka dabilzala, eurek be jaian parte hartuz. Beraz, zutunik dagoan bitartean, baliteke, eta bakarrik baliteke, beste batentzat be baliagarria izatea atzetik datozanei gure historia, izaera eta egoerea azaldu ahal izateko. Hain indarkeria eta zapalkuntza handiaren testigua da... ez dakit, ba...