Kazetari atipikoa naiz. Orain dela hiru aste oso erabaki garrantzitsua hartu nuen, bat-batean, erabaki 'irabazleak' hartzen diren moduan: Internet duen telefono mugikor moderno bat erosi nuen, punta-puntakoa, azkenengo berritasunak jakiten lehenengoa izateko.
Lehenengo egunean aplikazio batzuk jaitsi nituen; bigarrenean Twitter, WhatsApp, e-maila eta ez dakit zenbat gauza gehiago erabiltzea lortu nuen; eta hirugarrenean hori dena nire bizitzatik ezabatu nahi nuen! Telefonoa hartzen nuen bakoitzean milaka mezu aurkitzen nituen (azken berriak, lagunen bideoak, lankideen abisuak...), orduak eta orduak eman nituen informazioa ordenatzen eta ulertzen, eta nire ustez txarrena dena, momentu guztietan lokalizatua egotearen sentsazioa.
Gaur egun kazetari zara eta ez daukazu Internet sakelako telefonoan? Zelan arraio egiten duzu, ba? Galdera hauek hamaika aldiz entzun izan ditut eta, zoritzarrez, batzuetan berriro entzutea gustatuko litzaidake. Egia da 'konektatua' nagoela, baina momentuz informatua egoteko ohiko bideak nahiago ditut: irratia, egunkaria... Bai, kazetari atipikoa naiz.