a: IZAE eta Egoitz Mozo
Lagatzu Eguna – Euskal Jaia oso ekintza parte-hartzailea eta integratzailea dala dinoe. Bertan 80 urtekoa 18 urtekoagaz alkartzen dalako; kolore batekoa, beste kolore batekoagaz; boxeoa egiten dauana, dantzan dabilenagaz; futbolaria dana, motorzaleagaz... eta euskeraz dakiana, euskeraz ez dakianagaz. Ekainaren 29a egun ederra izan zen Zamudion.
Ederra eta ikusmin handikoa. Aurtengo Lagatzu Eguna – Euskal Jaiak “Emon hegoak euskereari” euki dau lelotzat eta hori hain zuzen be izan da antolatzaileek eta parte-hartzaileek egin dabena. Agirre Lehendakari plazan oso ekintza bitxia antolatu eben: herri mosaiko erraldoi bat. Hirurehun eta berrogeta hamar lagun inguruk kartoi mehe bana hartu eta aitatutako leloa osatu eben guztien artean. Momentua zerutik harrapau zan, helikoptero batetik argazkiak egin ziran-eta. Kamarak garabi baten eta zenbait balkoitan be ipini ziran, mosaikoa perspektiba ezbardinetatik fotografiau eta grabau ahal izateko.
“Teknikoki nahiko ekitaldi arriskutsua zan. Alde batetik, erraza ez dalako hainbeste jente koordinau eta, aldez aurretik, oso behar zehatza egin behar izan zan, bakotxak jakin eian nondik sartu behar zan, non ipini... Bestetik, hegazkinen ibilpidean gagozanez, egun horretako hegaldi-plangintzara moldatu behar izan ginalako. Baina jentea zintzo-zintzo ibili zan eta erronka gainditu genduan”.
Kartoi meheak lurrean itxi eta eskunarru zuriak jantzi. Ekitaldirako apaindu eben antxinako school bus amerikar batek umeak eroan zituan Agirre Lehendakari plazatik Leizaola Lehendakari plazara. Nagusiak kalejiran joan ziran autobusaren atzetik. Han 300 bat lagun batu ziran gurasoen alkarteak antolatutako flashmobean parte hartzeko. Ume, gazte zein helduek dantzatu eben Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Eskuetan abestia. Esku zuriek hegoak emon eutsiezan ostera be euskereari. Irudiak zerutik zein lurraren arrasean hartu ziran oraingo honetan be bai.
Zamudioztarrek egun luzeari egin behar izan eutsien aurre, aitatutakoez gainera, beste ekintza batzuk izan ziralako: kale-jira-bira-dantza-poteoa, motor eta mehatzetako jokoak, herri bazkaria, “Taldeka kantau” ekintzea eta erromeria. Herri bazkariari jagokonez, harek aurreko urteetako zifrak gainditu zituala, bertan 620 lagun lotu ziralako. Euskerea eta euskal kulturea nagusi izan ziran herrian, goizetik gauera arte. Helburua bete zan, beraz.
Lagatzu Zamudioko euskera alkarteko kideek argi dabe ekintzaren arrakastea ez dala bakarrik beren meritua. “Gure izena daroa, baina Lagatzu baino gehiago da. Egun hori posible da han herriko alkarte guztiek parte hartzen dabelako. Musu-truk, gainera. Guk bakarrik antolatuz gero, ezinezkoa izango zatekean egun hau aurrera atera ahal izatea”. Egia esan, Lagatzu Eguna – Euskal Jaiak herriko talde guztien laguntzea euki dau hasiera hasieratik, eta guztiak haren parte sentiduten dira. Badagoz faktore batzuk sentimentu hori adierazoten dabenak. Hareetako batzuk ekitaldiaren aurreko egunetan zein ekitaldian bertan sortzen dan giroa eta taldekideek helarazoten daben poza dira, baina batez be ekitaldiaren izaera parte-hartzailea eta integratzailea azpimarratu dabe. “Guk beti euki dogu argi gauzak herriko taldeakaz batera egin behar dirala”.
Lagatzu Eguna – Euskal Jaia zamudioztarrek gogo bizienez itxaroten daben jai bihurtu da. Gero eta gitxiago faltaten da hurrengo hitzordurako. Ez dakigu aurtengoa baino itxurosoagoa izango dan, baina horrek ez dau inporta, bertan herritar guztiek parte hartzen jarraitzen badabe. Hori da-eta jai herrikoi honen esentzia.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).