Lezamako semaforoak, zertarako?

Aikor aldizkaria 2013ko urr. 24a, 10:29

t: Jabier Lekerika

Badira urte batzuk Txorierriko korridorea ireki zela. Bertoko herrien bizi-kalitatea asko hobetu da eta gaur egun ezin izango genuke jasan korridoretik pasatzen diren automobil guztiak errepide nagusitik igarotzea. Baina herritar asko lehengo bidetik joaten gara, herriko toki askotara heltzeko, eta orain ulertzen ez dudana Lezaman dauden hiru semaforoak dira. Zein helburu duten. Herritik astiro pasatzearen alde nago eta, nire ustez, hori oinezkoentzako gaineko pasabideak jarriz lortzen da. Semaforoak bidegurutzeetan txandaka pasatzen uzteko asmatu ziren, baina Lezaman ez dago txandakako biderik. Hiru semaforo baino ez daude eta guztiak oinezko pasabideetan ipini dituzte. Gainera, berde oso denbora laburrean daude eta, batean ez bada, bestean gelditu behar da. Hain zaila da, Zamudion bezala, semaforoetan botoi bat ipintzea eta, errepidea gurutzatu behar duenean, oinezkoak hura sakatu, autoak geldi daitezen? Ba niri, behintzat, lelo-aurpegia geratzen zait, semaforoa gorri jartzen denean eta autoa gelditu behar dudanean. Ezertarako, gehietan ez duelako inork errepidea gurutzatzen. Eta horrela egunez eta gauez, urteko egun eta ordu guztietan. Udaletxean eta Foru Aldundian jende azkar asko omen dago. Baten batek azaldu ahal digu zein helburu duten Lezamako semaforoek? Handik igarotzen garen herriko eta erbesteko auto-gidariak izorratzea bada, benetan lortzen dute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).