Izaera eta pentsaera askotako 400dik gora txorierritar alkartuko gara bagilaren 8an, Uharte Arakilen (Nafarroan), “Gure esku dago” ozen esateko. Domeka goiz horretan, giza katearen 100. kilometrora joango gara, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzera.
Eskatzen dogun hori oinarrizko eskubidea da, hau da, berez jagokuna martxan jartea baino ez dogu gura. Horretarako , herritar guztiok ekin behar deutsagu beharrari, izan be, beste harek esaten eban moduan, “Autodeterminazio eskubidea gauza inportanteegia da politikarien esku bakarrik ixteko”. Beraz, itxi daiguzan pasibotasunak eta egin daigun aurrera!
Aurrerabide horretan indarra batzeko sasoia dala argi ikusten da. Eta batzuk oztopoak ipini arren, ez dago zalantzarik jentea alkartzeko gogotsu dagoala, jente asko eta ezbardina batzen ari dalako ekitaldietan; batzuk, ganera, azken urteetan nagikeriak jota egozanak.
Ekimena hartzen ari dan martxa ikusita, argi dago historikoa izango dala, horregaitik guztiarengaitik ni neu han izango naz. Eta zu? Ez zarala oraindino apuntau? Zeren zain zagoz?