Orain dela 15 urte gutxi gorabehera Perura joan nintzen oporretan lagun batekin, eta gogoratzen dut egun batean bertoko batekin (Joserekin) solasean ari ginela, harrituta geratu ginela ez genuelako ulertzen nola hartzen zuen normaltzat kargu politikoek kargua aprobetxatzea dirua poltsikoratzeko. Berarentzat politiko batzuk onak ziren aurrekoek baino gutxiago lapurtzen zutelako (nahiz eta lapurtzen zutela gauza jakina izan).
Han geunden gu, lehen mundukook hirugarren mundukoei klaseak ematen.Ulertarazi nahi genion ustelkeria onartzen duen herria gaixo dagoela.
Ordutik hona ez dut Joserekin harremanik izan, baina ziur nago Espainiako berriak heldu bazaizkio (Barcenas, PP, UGT etabarrekoen lapurretak), gugan pentsatuko duela (azken finean, berarentzat espainolak eta gu gauza bera gara) eta esaera zaharra "astoak mandoari belarri handi" etorriko zaiola gogora.
Nik askotan hausnartu dut orduan izandako solasaldiaz. Gure mundua eredugarri jarri ondoren onartu behar dut ordurako ni banintzela hainbat azpijokoren jakitun, eta ez Madril edo urrunekoak, gure ingurukoak baino (diru pila lortzeko zinegotzi kargurako aurkezten direnak, bere probetxurako herriak adreiluz bete dituzten karguak…), eta neuk ere azken finean normaltzat hartzen nituela jarduera horiek, gure mundua zein gaixo dagoen konturatu gabe.
Baina hori guztia egia izan arren, esan behar da ere gure gizarteko hainbat esparrutan badagoela musu truk lan egiteko prest dagoena. Bai kultura munduan (euskararen, dantzaren, musikaren…. alde), kirol elkarteetan (gurasoak, zaleak…), idazten ari naizen aldizkari honetan, gizarte honetako behartsuenei laguntzen, burujabetasunaren defentsan ("Gure esku dago" ekimena aipatu nahi dut bereziki, biba zuek! lortuko dugu!), alderdi politikoetan… jende andana dago hamaikatxo ordutan musu truk lan egiteko prest dagoena. Eta doaneko laguntza horri esker egiten dira hainbeste gauza gure herrietan.
Egia esan, nik ez dut aukerarik izan kutxa publikotik poltsikoratutako diruaz gozatzeko eta ez dakit zenbateko plazera ematen duen, baina esan ahal dizuet, zalantzarik gabe, ez dudala uste guk Lagatzu Eguna ondo ateratzean bizitzen dugun zirrararen adinakoa izan daitekeenik. Hori ordaintzeko beste dirurik ez dago.