Badator eguna, txorierritarrok egiteke dugun ibilbide luze baten lehendabiziko urrats zirraragarria. Ekainaren 8ko zita ez da erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapen soila, gure herriak bizi izan duen elkartasun deialdi garrantzitsuena ere bada.
Horren lekuko da gure bailara, inoiz baino batuago aritu garelako azken hilabeteotan; elkar errespetatuz, ezberdintasunak alde batera utziz, guztion arteko loturak bilatuz…
Langileak gara, ikasleak, sortzaileak, euskaldunak, erdaldunak... desberdinak azken batean; baina gure oinarriak sendoak dira, eta indar metaketa horrek sortu duen uholdea, geldiezina. Hori ikusi nahi ez duena ere datorkion uholdeaz konturatuko da, olatuak harrapatzen duenean. Eta orduan ere, ongi etorria izango da.
Nazio honek ez du jauntxorik behar, dagoeneko gizarte heldua gara guretzat nahi duguna erabakitzeko: “… ibiltzen aspaldi ikasia dugu, otsoak eskutik hartu gabe!”. Badakigu zer nahi dugun, eta hori da egun horretako “exodo”-aren ardatza; datozen belaunaldien Historia-liburuetan agertuko den mugarria.
Txorierritarrok Arakilen dugu hitzordua.
Erabakitzeko eskubidea GURE ESKU DAGO!