Azken txanpa

Aikor aldizkaria 2014ko mai. 22a, 10:26

Ikasturtea amaitzear dago, eta guk gelditu ezinik jarraitzen dugu; nekerik ez! Hala, maiatzaren 8an teleskopioa hartu eta Derioko Kultur Birikaren atzealdeko aparkalekuan batu ginen eguzki sistemako zenbait planeta behatzeko. Esan beharra dago zalantzan egon ginela ekitaldia bertan behera utzi ala ez. Izan ere, egun horretarako baldintza atmosferikoak ez ziren onenak behaketa egiteko, baina iluntzeko 8ak aldera oskarbi zen eta berbalagunok eta herritarrak hasi ginen hitzordua ipinita genuen lekura hurbiltzen. Behaketari gaueko 9etan ekin genion. Jon Legarreta fisikari doktore derioztarra EHUko irakaslea eta Zientzia Planetarioak ikerketa-taldeko kidea da, eta ekitaldia berak zuzendu zuen. Mila esker zure teleskopioa ekarri eta handik begiratzen uzteagatik! Ilargia ikusi genuen, krater eta guzti; baita Jupiter eta haren sateliteak ere. Baina konturatu orduko, berriro lainotu zen, eta Saturno eta Marte ikusi barik alde egin genuen handik. Behaketa ez da maiatzerako antolatu dugun ekintza bakarra. Hilaren 31n, Izarran batuko gara Euskal Herri osoko berbalagunekin, eta Mintza Eguna ospatuko dugu bertan. Ekitaldiaren leloak adierazten duen moduan, mingainak dantzan ipiniko ditugu! Mintza Eguna berbalagunok oporrak hartu aurretik egiten dugun jai erraldoia da, eta aukera ematen digu elkar ezagutzeko eta gainontzekoen errealitatearen berri izateko. Egun osoan zehar hainbat ekitaldiz gozatuko dugu: Beluntzako ur jauzietara ibilaldia, mintzodromoa, mintza kalejira, bazkaria, erromeria eta kontzertuak. Ekain gastronomikoa Oso jatun gara berbalagunok, eta gastronomiari lotutako ekintza bi izango ditugu ekainean. Hilaren 13an, pintxo bazkaria egingo dugu Kultur Birikan. Bakoitzak prestatzen duen pintxorik goxoena eramango du hara, eta guztion artean dastatuko ditugu. Pintxo bazkaria 13:30etik 15:30era izango da. Ekaineko azken ekitaldia Lagatzu Zamudioko euskara elkartearekin batera egingo dugu hilaren 20an. Geldoko txokoan barbakoa argentinar erara prestatzen ikasiko dugu. Ikastaroa iluntzeko 8etan izango da eta 15 euro balioko du. Afaria prezioaren barne egongo da. Ikasturteari zapore goxoarekin emango diogu amaiera, bai horixe!