Jaun-andreok, hemen dago urteko ikuskizuna. Kolonbiatik Japoniara, mundua energia- ziztadaz tinko jartzen duen jaialdia. 2014ko Munduko Futbol Txapelketa hasi besterik ez da egin, eta Shakirak ere ondo ei daki festa-giro orok bere ereserkia behar duela; horregatik gogotsu jarri da silababakarren sabel-dantzari egurra emanez. La la la du izena jaio berriak.
Brasil urteko bigarren aratusteetan dago murgilduta. Herrialde desberdinetako aurpegiek; lumek, banderek eta samba dantzariek bat egiten dute kaleetan, milaka umek beren gorputzari prezioa jartzen dioten kale berberetan. Bai, futbolaren negozioak haur irudia dauka Brasilen, eta apustu-etxeetan dirua baino gehiago da jokoan. Txapelketa dela-eta Unicefek azpimarratu duenez, 250.000 adin gabekok saltzen dute euren gorputza, sexu eta ikuskizun gose diren milaka turistentzat.
Futbola ke-gortina da Brasilen. Adinez txikikoen prostituzioaren orbana ezkutatzeko maindirea.
Sexuaren negozioak ez du etenik. Kale izkinetan tolesgabetasuna bortxatzen da. Esklabutza sustatzen da. (Diruaren hotsa). Erritmoa frenetikoa da, futbolaren izenean etorkizunak profanatzen dira etengabe.
Bitartean, jendez gainezka egiten duten zelai berdeen atzean, ereserkiekin batera eta banderen koloreez margotutako aurpegien atzean, La la la disko-jogailuetan entzuten jarraituko da haur aurpegia daukan drama itzalpetuz.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).