Kateen urtea 2014a ere, baina oraingoan askatasunera heltzeko pertsona kateak osatuta. Aurten itzelak egiten gabiltza hemen eta inguruan: Euskal Herrian, Katalunian, Eskozian.
Gurean, Gure Esku Dago-rekin euskal herritar piloak kilometroetako katea osatu genuen: gure eskubideak –ditugunak– errespetarazteko. Argiago esanda, nazioa bagarenez Estatu izateko borondatea erakusteko, beste behin. Estatu izateko nahia, bai, guk ez baitugu erakutsi behar nazioa garela; nazioa bagara izan, hizkuntzaz, kulturaz, historiaz eta borondatez. Engainurik ez, gauza publikoa baita Europan nazioa garela euskaldunak, Euskal Herria (Basque Country). Beste kontu bat da Estatu izan nahi dugula, auzoko estatu horien kateekin ez bizitzeko. Nazioa bagara, baina Estatu izan nahi dugu.
Horretan dabiltza katalanak ere, kate luzeak egiten. Aurten kate berezia egin dute, V formakoa, erraldoia. Horiek bai horiek! Eta gero eta hurrago daude helburutik, Eskozia bezala, jende kate luzeek boto lekuetara joanda frogatu duten moduan. Nahi genuke, bai, horien kemena, baina hemen txepelek txapela. Bejondeiela haiei!