Maite Lekerikak oso menu goxoa prestatu dau Gabonetarako:
Zainzuri-kremea
Osagaiak:
Kalabazin bi
Zainzuri-lata handi bat (ura eta guzti)
Kipula bat
Patata bat
Oliba-orio zurrusta bat
4 berakatz-atal
Gatza
Ura (beharrezkoa bada)
Prestetako erea
Kipulea eta berakatzak zurituko doguz eta erregosiko doguz su eztitan. Kalabazinak eta patatea zuritu eta txikitu, eta gehitu egingo doguz. Ur apur bat eta gatza botako dogu. Eginda dagozanean, zainzuriak (ura be bai) gehituko doguz. Ondo irabiauko dogu.
Izokina papillotean
Osagaiak:
4 izokin-zati (250 gramokoak)
300 g onddo edo ziza
Tipulin bi
Berakatz-atal bi
Gurina
Orioa
Perejila
Gatza
Aluminiozko 4 zati
Prestetako erea:
Zartagin baten, su eztitan, orio zurrusta bat eta gurin apur bat ipiniko dogu. Tipulina oso mehe ebagiko dogu eta berakatzak be txikituko doguz. Zartaginean erregosiko doguz. Onddoak edo zizak tiratan ebagiko doguz, eta tipulina eta berakatzak eginda dagozanean, zartaginera botako doguz. Lauzpabost minutuan eukiko dogu egiten. Perejila eta gatza botako dogu. Bestalde, gatza botako deutsagu izokinari. Aluminiozko paperak gurinaz igurtziko doguz eta bakotxaren gainean izokin-zati bat ipiniko dogu, baita onddoak be bai. Paketeak egin eta labara sartuko doguz, 200 gradutan zortzi minutuan.
Oilagorra, eper-saltseagaz
Osagaiak:
4 Oilagor
Kipula gorri handi bi
4 berakatz-atal
Tomate zurrusta bat
Kopa brandy bat
Ardao zuri zurrusta bat
Pipermin gorri bat
Oliba-orioa, gatza eta ura
Prestetako erea:
Kipulak eta berakatzak zuritu eta txikituko doguz, eta erregosten ipiniko doguz. Pipermina gehituko dogu. Oilagorrei gatza bota eta, barazkiak eginda dagozanean, gehitu egingo doguz. Noizbehinka bueltea emongo deutsegu. Kolorea hartzen dabenean, brandya bota eta sua emongo deutsegu. Sua amataten danean, tomatea botako dogu. Ardao zuria eta ura be gehituko doguz, harik eta oilagorrak erabat estaltzen doguzan arte. Oilagorrak su eztitan eukiko doguz bigundu arte. Eginda dagozanean kazuelatik aterako doguz eta han dagoan saltsea irabiauko dogu. Lodiegi badago, ur apur bat botako dogu. Oilagorrak saltsan sartuko doguz barriro.
Mahats eta pistatxo-tartea
Osagaiak:
Oinarria egiteko: 25 g azukre, 100 g urin, 45 g gurin, koilarakada bat ezti, koilarakada bat ur, 50 g pistatxo (txikituak)
Orea egiteko: 175 g gazta freskoa, jogurt natural bat, arrautza bat, koilarakada bat azukre eta limoi-birrindurea
Estaldurea egiteko: mahats zuriak (azala eta haziak kenduta), 25 g pistatxo (txikituak), abrikot-marmeladea
Prestetako erea:
Oinarria egiteko osagaiak, pistatxoak izan ezik, nahastu eta molde baten zabalduko doguz. Pistatxoak ipiniko doguz. Orea egiteko osagaiak be nahastuko doguz eta orea oinarriaren gainean ipiniko dogu. Labara sartuko dogu 175 gradutan, harik eta egiten dan arte. Labatik atera eta marmeladea, mahatsak eta pistatxoak gehituko doguz.
Sukaldaritza