Euskaraz bizi nahi dugu!

t/a: Gaizka Eguzkitza
Urte berriak sorpresa bat ekarri digu. Lezaman, herriko gazte batzuek “Euskeraz bizi gure dogu” leloa duen mural bat egin dute Udaletxearen alboan. Lezamako Gazte Asanbladak eta Zorrizketan euskara elkarteak bultzatu zuten ekimena, eta Aikor! aldizkariak egileekin hitz egin du. Agian udaberriak beste sorpresa bat ekarriko digu. Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an da, eta horren haritik Lezamako Gazte Asanbladak eta Zorrizketan euskara elkarteak zerbait egitea pentsatu zuten. Hasiera batean, gazteentzako tailerra egiteko asmoa adierazi zuten, baina azkenean horma batean pintura handi bat egitea erabaki zuten. Baina non? Eskolan horma txiki bat dago, baina txikiegia da. Gainera, herrigunetik apur bat urrun dago. Udaletxearen ezkerraldeko horma, aldiz, handia da eta herriaren erdian dago. Begi bistakoa da, oinez zein autoz. Eta horixe aukeratu zuten. Egileak hautatzea errazagoa izan zen. “Lezama herri txikia da eta hemen guztiok ezagutzen dugu elkar. Gure koadrilako batzuk Gazte Asanbladako kideak dira eta behin baino gehiagotan egon gara haiekin harremanetan. Ukondoa genuelako lortu genuen enkargua! (kar, kar)”, esan digu txantxetan Gorka Dañobeitia egileetako batek. Berarekin batera, Mario Frailek, Javier Revollarrek eta Borja Canibek egin zuten murala. Horretarako, Antxon Intxaurza eta Asier Ariasen laguntza jaso zuten. “Antolatzaileek irizpide batzuk eman zizkiguten, hala nola Euskaraz bizi gure dot leloa. Gainontzekoa guztion artean erabaki genuen. Argi genuen arbolak ondo irudikatzen zuela mezua, baita umeak ere. Arbola, euskara moduan, ez da zerbait finkoa. Umeari dagokionez, adierazi nahi dugu txikitatik egin behar dugula euskaraz. Guk aitita eta ume bat eskutik helduta marraztu nahi genituen, baina azkenean umea kulunkan egin genuen”, azaldu du Javierrek. Egun polita Murala urtarrilean bertan egin zuten, gauez. “Iluntzean mugimendu gutxiago dago herrian eta horregatik aprobetxatu egin genuen. Hala ere, lehenengo egunean ume pilo bat hurbildu zitzaizkigun eta galdetu ziguten zer egiten genbiltzan bertan. Lagun batek gitarra hartu behar eta umeekin abesten hasi zen. Egun polita izan zen: guztiok elkartu ginen, primeran pasatu genuen... Guztira, bizpahiru egunean ibili ginen margotzen”, ekarri du gogora Mariok. Murala egiteko, horman margotzeko pintura beltz berezia, espraia eta karrozeria-zinta erabili dituzte, eta azken ukituak emateko, baita pintzelak ere. Egileak ez dira kezkatuta agertu, murala aire zabalean egoteagatik; euren ustez, muralak iraun egingo du. “Grafitiak hainbat lekutan daude eta urteak eta urteak irauten dituzte. Arazorik handiena alboka datorren euria izan daiteke, baina espero dezagun horrek kalte handirik ez egitea. Eta kalterik ekartzen badio, konpondu egingo dugu (kar, kar)”, esan dute aho batez. Muralak euskaraz bizi izateko eskubidea aldarrikatzen du, eta gazteek uste dute horrek zentzua ere baduela Lezama bezalako herri euskaldun batean. “Gero eta gutxiago entzuten da euskara Lezaman. Gurasoek ume txikiekin hitz egiten dute, baina gazteok gero eta gutxiago egiten dugu euskaraz. Herriko eskolan euskaraz egiten dute, baina beste ikastetxe batzuetan gutxiago egiten da euskaraz, esate baterako Derioko Institutuan. Nire ustez, etxeetan egin behar da euskaraz, eta gero eskolan, kalean, lanean...”. Komunikabideetan ere bai: Euskaraz bizi nahi dugu! Hasiberri adimentsuak Borjak, Gorkak, Javierrek eta Mariok 19-20 urte dituzte eta hasiberriak dira artean, baina, antza denez, talentua dute. Lezamako murala egin berri dute eta euren ustez, aukera aparta izan da. Horren ondorioz, Josunek, herriko dendari batek, eskatu die bere dendako kanpoko hormak ere margotzea. “Gauza politak egiten ditugu, behintzat, adreiluzko hormak baino politagoak”, esan digu Mariok. Gazteak ekintzaileak dira eta iaz furgonetaz joan ziren Portugalera. Bidaia ordaintzeko, marka bat sortzea erabaki zuten, Van life, eta eurek egindako 100 kamiseta saldu zituzten. “Gu diseinatzaileak gara eta edozein gauza sortu ahal dugu. Momentuz apur bat geldituta daukagu Van life marka hori, baina berpizteko asmoa dugu”. Interesa duenak markari Instagram gizarte-sarean jarraitzeko aukera du. Borja Ikus-entzunezko Komunikazioa dabil ikasten, eta besteak, Arte Ederrak. “Eraikinak dekoratzea izugarri gustatzen zait. Donostian ere mural bat egin nuen ikaskideekin batera. Karrera bukatu nahi dut eta agian interiorismoa landu, arkitektoekin lan egin...”, esan digu Gorkak. Javierrek duela sei urte hasi zen espraiz margotzen. Javier Ingeniaritza hasi zen ikasten, baina azkenean Arte Ederretara joan zen. “Fakultatea oso leku bitxia da, askatasun handia ematen dizulako. Oraindik ez dakit etorkizunean zer egingo dudan, baina arkitektura, planoak eta eraikitzea izugarri gustatzen zait eta hortik abiatuko naiz”. Mario ere okertu egin zen karrera aukeratzean; Marketin utzi eta Arte Ederrei ekin. “Marketin karrera erabat ekonomikoa da, baina niri alde artistikoa interesatzen zait. Bete-betean asmatu dut aldaketarekin. Karrera hasi berri dut, eta oraindik lau urte ditut etorkizunean zer egin nahi dudan erabakitzeko, baina publizitate arloan aritzea gustatuko litzaidake”.