Berbalagunak, ermitaz ermita… eta txakolinetan

Aikor aldizkaria 2015ko urt. 29a, 12:23
Goizeko hotzari beldurrik ez. Otsailaren 1ean, domekaz, Lagatzu Zamudioko euskara elkartearen kideekin gelditu gara mendi irteera bat egiteko. Hitzordua goizeko 9etan ipini dugu Zamudioko plazan eta handik mendira abiatuko gara, tipi-tapa. Gidari Jose Angel Mentxaka derioztarra edukiko dugu eta berak azalpenak emango dizkigu bidean topatuko ditugun ermitei buruz. Lehenengo geldialdia San Tomas ermitan egingo dugu. XV. mendeko eraikin gotikoa da eta hegoaldean, elizpea eta arku zorrotzeko atea ditu. 1869. urtetik hona jai bat egiten da bertan, San Antonio egunaren (ekainak 13) hurrengo domekan, hain zuzen ere. Handik Daño auzora, San Migel ermitara. Zaindariaren eguna irailaren 29an ospatzen da han. Azken geldialdia San Bartolome ermitan egingo dugu, baina hara heldu baino lehen, Berreagako kastroa bisitatuko dugu. Bertan Burdin Aroko gotorleku eta nekropoli baten aztarnak topatu ziran; hareharrizko hilarriak eta zeramikak, besteak beste. Gaur egun, Bilboko Arkeologia museoan daude ikusgai. Merezi du hilarriei buruzko aipamena egitea. Hilarriek ekialderantz begira dauden hiru besoko gurutze kurbatu bat dute. Irudiak ikur astralei daude lotuta, aurreindoeuropar kulturetan egiten zuten moduan. San Bartolome ermita Geldo auzoan dago, Berreaga mendiaren magalean. Ermita honi buruzko lehenengo aipamena XVI. mendearen amaieran egin zen, San Pablo de Geldo izena erabilita. San Bartolome izena XVIII. mendean agertu zen lehenengoz. Ermita zaharrago bat omen zegoen Berreaga tontorrean. Bertako jaia abuztuaren 24an ospatzen da. Mendi ibilaldiaren ostean, Jabi Aretxabaletak Zamudion duen Magalarte upeltegian berrituko ditugu indarrak. Txakolin-egileak bere instalazioak erakutsiko dizkigu eta txakolina zelan egiten den ere azalduko digu. Txakolina dastatu eta kopau gozoa edukiko dugu.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).