Izenburu hori ez da bape egia, baina agintari batzuek danok jihadistak izango bagina lez tratetan gaitue. Lehengo egunean aireportuko kontrol batean, erretiluan erlojua, diruzorroa, jakea, garrikoa, eta abar itxita, eskanerretik pasatzerakoan: piiiii! hots egin eban. Metalezko ezer ez neban gainean, praken bragetaren kremailera ez bazan, eta, hara!, miaketa bat goitik behera. Hurrengoan prakak be erretiluan itxi behar izango doguz.
Goikoa kontu bat da, txikia ez bada be; eta bestea, aspalditik ziurtasuna. Askatasuna eta demokraziagaz zer ikusirik ez daukien neurriak hartzen dabilz lege mailan eta beste arloetan.
Adibide bat dogu Europa Batasuneko Justizia Korteak, 2014ko maiatzean, datu elektronikoen kontserbazinoari buruzko 2006ko zuzentarauaz emon eban epaia. Zuzentarau horren arabera, datu guztiak bilduta eta analizauta "pertsonen bizitza pribaduaren konklusino oso zehatzak atarateko bide dira: eguneroko ohiturak, noizean behin edo beti ibilten diran lekuak, eguneko ibilpideak, euren jarduerak, daukiezan giza harremanak eta horreen inguruko datuak...". Uritarrek bialtzen eta jasoten dabezan postak, horreen datak eta maiztasuna, parte hartzen daben webgunetan eta forumetan, giza sareetan emondako eritxiak eta asmoak, sakelako telefonoen lokalizazioa... hori guzti hori arautzen da zuzentarau horretan, ea muga barik. "Europako ia herritar guztien oinarrizko eskubideetan esku-hartzea" dala dino epai horrek, eta "hain handia da bere zabaltasuna" ezen "bereziki larritzat hartu behar dala".
Demokraziaren oinarrizko abiaburu eta eskubide asko guztiz zapalduta gelditzen dira hemen: errugabetasun-presuntzioa, biltzeko eta alkartzeko eskubideak, kontzientzia, eritxi eta mubitzeko askatasunak, besteak beste.
Badirudi agintari horreentzat ia guztiok jihadistak garela. Erabagitako neurriak benetan larriak dira. Hala eta guzti be dan-danok ez gara jihadistak, esate baterako, Suitzara boltsak diruz beterik eroaten dabezanak, horreek ez. Hor, gainera, ez da begiratzen diru hori nondik datorren. Eskanerrak ez dau holako kasuetan piiii! egiten. Txanponik eroaten ez dabelako izango da.