Zenbat hitz ezagutzen dituzu euskaraz?

“Hiztegi proba” onlineko joko bat da, eta hitz bat euskara estandarrekoa den edo ez erabakitzean datza. Aplikazioa Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) erakundearen eta Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutuaren egitasmoa da, eta http://hiztegia.bcbl.eu webgunean ipini dute eskuragarri. Aplikazioa plataforma higigarrietarako (tabletak eta interneterako konexioa duten telefonoak) zein ordenagailuetarako egin dute. Jokalariak pantailan agertzen den hitza euskaraz existitzen den edo ez erabaki beharko du. Proba egin ostean, aplikazioak erabiltzaileak euskaraz ezagutzen duen hitzen ehunekoa adierazten du. Era berean, ezagutzen ez diren hitzen esanahia zuzenean kontsultatzeko aukera ematen du. Proba nahi beste aldiz errepika daiteke eta saialdi bakoitzean 100 hitz agertuko dira. Proba errepikatzen den bakoitzean hitz berriak agertuko dira. Sustatzaileek azaldu duten bezala, egitasmoak euskaldunen hiztegi maila neurtzea da; bai euskara ama hizkuntza dutenen hiztegi maila, bai euskara bigarren hizkuntza dutenena zein euskara ikasten dabiltzana. Horrezaz gainera, tresna baliagarria da irakurleek euskarazko material idatzia nola deskodeatu eta prozesatzen duten ulertzeko. Hitza pantailan agertzen denetik jokalariak erantzuten duen arte pasatzen den denbora, hau da, hitz bakoitzari dagokion erreakzio denbora, datu base batera bidaltzen da. Datu base hori etengabe handitzen doa, eta laster jakin ahalko da, 25.000 euskarazko hitza baino gehiago irakurtzeko, bataz beste zenbat denbora behar den. #hitzaedoez Jon Andoni Duñabeitia proiektuaren ikertzaileetariko bat da. Bere esanetan, aplikazioak ahalbidetuko du eskualde ezberdinetako eta hizkuntza-eskakizun ezberdina duten dozenaka mila euskal hiztunek ezagutzen duten euskal hiztegiaren estimazio objektibo bat izatea. Horrezaz gainera, informazio horri esker, ikertzaileek hitzak euskaraz irakurtzeari lotuta dauden mekanismo psikolinguistikoak ikertzeko balio handiko materiala jasoko dute. “Behin euskal hiztun natibo eta ez natiboen zenbateko esanguratsu baten datuak jasoz gero, hitz solteak euskaraz zelan irakurtzen ditugun jakingo dugu, eta burmuinak material idatziarekin nola lan egiten duen ondorioztatu ahalko dugu”, esan du, bere aldetik, Manuel Carreirasek, BCBL erakundearen zuzendaria denak. Facebook eta Twitter (#hitzaedoez) bezalako sare sozialei esker, jokoak hedapen handia izatea espero dute, eta mundu osoko euskal hiztunengana iristea.