Derioko jai-batzordeak laugarren aldiz prestau dau San Isidro jaien egitaraua, eta, esan deuskuen moduan, aurten be aurreko urteen ereduari jarraitu deutsie. “Jaiak herritik eta herritarrentzat antolatu doguz”. Aldaketa nabarmenak egon ziran igazko egitarauan, eta, hareek egokiak izan zirala ikusita, pasa dan urteko eskemea mantenduko dabe.
Halan, “Gau tropikala” antolatu dabe barikurako. Gau tematikoa izango da eta txosnagunea bereziki apainduko dabe. Jaira loradun alkondarak, gona hawaiiarrak, lastozko txanoak... jantzita joateko gonbidapena egin deutsee herritarrei. “Bestalde, kuadrillen arteko txapelketak arrakasta handia euki eban iaz, eta horregaitik egingo da aurten be. Kuadrilla batzuek han parte hartzeko izena emon dabe dagoeneko, eta igaz moduan, jaietan zehar proba batzuk egin beharko ditue, sariak eskuratzeko”.
Herri bazkaria zapatutik domekara aldatu eben aurreko urtean, eta euren esanetan, inoz baino lagun gehiago batu ziran bertan. Beraz, aurten be domekan izango da eta aukera bi egongo dira: euro baten truke, bazkaltzeko lekua erreserbau; ala sei euroaren truke, lekua erreserbeteaz gainera, sukalki-platerkada bat eskuratu. Bazkarirako txartelak maiatzaren 10era arte egongo dira salgai taberna honeetan: Txapas, Oso Pardo, Adarve eta Mendia.
Urtero moduan, gustu eta adin guztientzako ekitaldiak izango dira San Isidro jaietan: antzerkia, txitxarrilloa, poteoa txarangeagaz, umeentzako ekintzak... Aitatzekoa da barikuan gazteentzat egongo dan zirku tailerra. Musikeari jagokonez, ahalegina egin dabe estilo ezbardinetako taldeak ekarten; esate baterako, Iheskide (rock), Anai Arrebak (elektro-funk dantzagarria), Joxe Replay (Joxe Ripiauri tributoa) eta Las Tea Party dj-ak. Gainera, Che Sudaka talde katalan-argentinarra egongo da Derion, mundu birea bukatu ondoren. Txorierriko taldekideak dituen taldeek be igongo dabe eszenatoki gainean: Cacas Blancas (Sondika eta Bilbo) eta Santi Matxete (Derio eta Mungia).
Kameleoia
Ekitaldiak Herriko Plazan, txosnagunean, San Isidro eleizearen inguruetan, frontoian eta kantxa gunean, probalekuan eta Bakearen plazan egingo dira. Euria eginez gero, ekintzetariko batzuk frontoira eroango dira.
Jaiei maiatzaren 14an, eguenean, emongo deutsee hasikerea. “Pregoia Lainomendi dantza taldeak irakurriko dau. Aurten, 25 urte bete ditue eta herrian daben parte-hartzea eta konpromisoa ikusita, uste dogu guztiz aproposa dala hareek izatea pregoilariak”.
Bestalde, aitatu beharra dago jai-batzordeak irudi barria daukala aurten: kameleoi bat. “Animalia horrek ondo deskribiten dau batzordearen izaerea. Alde batetik, askotariko jaiak antolatzea da gure helburua, gustu guztientzat eta kolorez beteak; eta bestetik, kameleoien moduan, begi bategaz atzera begiratzen dogu, egindako beharra gogoratuz, eta beste begiagaz, aurrera, etorkizunera”.
Jai-egitaraua
Maiatzak 14, eguena
19:00: Pregoia eta trakea, Herriko plazan.
19:20: Txitxi-burruntzia, Herriko plazan (kioskoa).
19:20: Kuadrilla-pankarten aurkezpena, Herriko Plazan.
20:00: Xaibor diskofestea, txosnagunean.
20:30: Poteo musikatua, kaleetan zehar.
Maiatzak 15, barikua
11:30: Mezea, San Isidro eleizan. Ostean, biribilketea, eleizatik herrira.
11:30: Marrazki lehiaketea, frontoian eta kantxa gunean.
11:30-13:30: Ume eta gazteentzako ekintzak, frontoian eta kantxa gunean.
16:00-18:30: Ume eta gazteentzako ekintzak, frontoian eta kantxa gunean.
19:00: Idi probak + giza probak, probalekuan.
19:00: Kale-antzerkia, Bakearen plazan.
20:30: Kuadrillen igoerea, kalejirea eta olinpiadak, Bakearen plazatik txosnagunera.
22:00: Gau tropikala. Kontzertuak, txosnagunean: Kakas Blancas, Anai Arrebak, Che Sudaka eta Garilak 26.
Maiatzak 16, zapatua
11:00: Biribilketea, kaleetan zehar.
11:30-14:30: Artisau azokea, kaleetan zehar.
11:30: Ume eta gazteentzako ekintzak (KULKI), Herriko Plazan.
17:00-20:00: Artisautza azokea, kaleetan zehar.
18:00: Euskal dantzak, Herriko Plazan.
19:00: Pintxo-pote + Fave de Fuca elektrotxaranga, kaleetan zehar. Kuadrillen poteolinpiadea.
20:00: Kontzertuak, txosnagunean: Santi Matxete, Joxe Replai, Iheskide eta Las Tea Party.
Maiatzak 17, domeka
11:00-14:30: Elikagai azokea, kaleetan zehar.
12:00: Frontenis txapelketearen finalak, frontoian.
15:00: Herri bazkaria (Sukalkia), txosnagunean.
17:30: Kuadrillen Playback lehiaketea, txosnagunean.
17:30: Bizkaiko Lau eta erdiko Txapelketearen finala, frontoian.
18:30: Kuadrillen txapelketearen finala eta sariak banatzea, txosnagunean.
19:00: Briska txapelketearen sariak banatzea, txosnagunean.
19:00: Txitxarrilloa, txosnagunean.
20:30: Txitxarrilloa, txosnagunean.
21:00 Jai amaiera, txosnagunean.