Jon Andoni Ciarsolo Ortiz, Loiuko EH Bilduko alkategaia: “Udalak soilik herritarren alde egin behar du lan”

Aikor aldizkaria 2015ko mai. 5a, 14:20

Zeintzuk dira Loiuk dituen beharrizanak? Gaur egun, krisi larria daukagu, eta, horren ondorioz, arazoak sortu dira herrian: langabezia igo egin da, eta, esate baterako, elikagaien bankua sortu da, hainbat lagunek beharrizana dutelako. Gure ustez, hori da funtsezkoa, jendea. Horregatik, lagundu behar diegu premiak dituzten familiei, hau da, guk uste dugu gizarte ekintza bultzatzeko politikak jarri behar ditugula martxan. Zeintzuk dira Loiuko EH Bilduk datozen lau urteei begira aurrera eramango dituen ildo nagusiak? Kultura, euskara, lana, ongizatea, hirigintza, osasuna… Arlo guztiak dira garrantzitsuak, noski, baina Loiuko Udalean beste alderdi batek agintzen duela kontuan hartuta, lehenik eta behin azterketa egin behar dugu, herria nolako baldintzetan dagoen jakiteko. Dena dela, jendea izan behar da gure lehentasuna, ez errepideak edo beste proiektu handi bat. Udal batek soilik bere herriaren eta herritarren alde egin behar du lan, ez enpresen alde. Ildo nagusi horien haritik, herrian, zein proiektu egiteko asmoa duzue? Hainbat proiektu egin nahiko genituzke. Adibidez, garraiobide publikoa hobetu behar da: Loiuko hiru auzoak lotu nahi ditugu autobusez, beste udalerrian egiten duten moduan. Gainera, krisian gaudela kontuan hartuta, Udaleko ekonomia bereziki kontrolatu behar dugu, dirua ez xahutzeko. Guk uste dugu Udala herritarren zerbitzura egon behar dela eta Udalak erantzuna eman behar die Loiun dauden familien eta enpresen eskaerei. Horren haritik, herri lanak bultzatu behar ditugu, Loiuko auzoak dinamizatzeko. Gainera, EH Bilduk sustatu nahi ditu lurraren kudeaketa, euskara, kirola eta aisialdia, eta ingurunea. Zer esan ahal diguzu Loiuko EH Bildu lan taldeari buruz? Zorionez, talde ederra dago nire atzean. Guztiek konpromiso ikaragarria adierazi dute herriarekin. Hemen bizi dira eta herritarren beharrizanak benetan ulertzen dituzte. Karguaz jabetu, eta zer da egingo duzun lehenengo gauza? Alkateak eta zinegotziok gehiegi kobratzen dugu eta nik soldatak jaitsiko nituzke. Eta beti izango dut argi Loiuko gizonek eta emakumeek aukeratu nautela, herriaren alde lan egiteko. Hurbiletik Jon Bilbon 1964an jaio zen, baina betidanik Derion bizi izan da. Familia abertzalea zen, eta 14 urte zituela, EAJko kide egin zen Derion. 1986an EAJ zatitu zenean, Jon EAko militante egin zen eta handik EH Bildura heldu zen. Argi dago politika beti interesatu zaiola, baina berak ez du bere burua politikaritzat hartzen, herritar arduratsutzat baizik. Hala ere, Jonek badu eskarmentu politikoa: Kultura zinegotzia izan zen Derion, eta azken lau urteotan Loiuko Udaleko zinegotzi ibili da. Gaur egun, Larrondon bizi da. “EH Bilduk nire izena proposatu du alkategaia izateko, eta nik poz-pozik eta arduratsu egingo diot aurre erronkari”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).