Butroi upategia: Etxeko txakolina

Aikor aldizkaria 2015ko uzt. 27a, 10:35

Badago ezaugarri bat Butroi upategia bereizten duena: haren familia-izaera. Lau familiak sortu zuten upategia orain hiru urte: txakolingintzan eskarmentu handia duten hiru upategi txiki (Zamudioko Oletxe, Larrabetzuko Sasines eta Gatikako Etxebarria) eta mahats-ekoizle bat (Maje Larrañaga lezamarra). Kepa Larrabeitik azaldu digunez, ekoizle txikientzat zaila da, besteak beste, merkatuaren eskakizunetara moldatzea eta azpiegiturak egokitzeko behar diren inbertsioak egitea. Horregatik erabaki zuten indarrak batzea. Gatikan eraiki dute upategia. Guztira, 14 hektarea dituzte eta gehienak, 12,5 ha, Txorierrin daude; beste hektarea eta erdia Gatikan dago. Urtean 100.000 – 120.000 litro txakolin ekoizten dute eta, upategi bakoitzaren lehengo marka mantendu duten arren, marka berri bat ere merkaturatu dute: Butroi txakolina. “Gure txakolinek euren merkatua dute, eta ondo funtzionatzen dute, baina egitasmoa martxan ipini genuenean, hektarea apur bat gehiago landatzeko aukera izan genuen eta, beste alde batetik, banatzaileek eskatu ziguten beste marka bat ateratzeko. Butroi txakolinak ere oso harrera ona izan du”. Egia esateko, lau txakolinek hain ondo funtzionatzen dute, ezen upategia “egoera larrian” baitago momentu honetan, produktu guztia salduta daukatelako. Aipatu beharra dago, gainera, aurten Txorierriko hiru txakolinek lortu dutela Baco sarien urrezko domina, eta haietako bat Butroi upategiko Sasines txakolina izan dela. Besteak Garena-Gorka Izagirre eta Magalarte Zamudio izan dira. Kalitatea eta prezio ona Butroi upategia Txakolibus egitasmoko partaidea da eta txakolin-dastatzeak egiten dituzte bere instalazioetan. Talde handiei ez ezik talde txikiei eta norbanakoei ere eskaintzen dizkiete halako dastatzeak. Euskaraz egiteko aukera ere izaten da. Bisitaldiak egitea oso lagungarria da upategia eta haren produktua ezagutzera emateko. “Guk tratu eta produktu ona eskaintzen dugu, eta gero ahozkoa dator. Berton egon diren askok gure txakolina eskatzen dute kanpoan, tabernan…”. Kepak oso balorazio positiboa egin du upategiaren lehenengo hiru urteei buruz. “Kalitatea eta prezio ona eskaintzen ditugu, eta erantzukizunez eta zintzotasunez jokatzen dugu. Bai guk, bai gure bezeroek. Nire ustez, dinamika hori ezinbestekoa da merkataritza mundu honetan”.