Enrikko Rubiños, Vendettaren bateria-jotzailea: “Ez dago sekretu berezirik, lan pilo baizik”

Aikor aldizkaria 2015ko ira. 15a, 09:19
Vendetta taldea ekainean egon zen Loiun, eta Lezamako jaietan ere eskaini du kontzertua. Hala ere, ez da lehenengo aldia izan Txorierrin taldearen skaz gozatzeko aukera dugula. Enrikkok gure galderak erantzun eta taldearen asmoak aurreratu dizkigu. Zelan tratatzen zaituztegu txorierritarrok? Askotan ibili gara bertotik eta normalean giro paregabea topatu dugu kontzertuetan. Egia esan, azkenaldi honetan gainezka egon diren plazetan ibili gara. Ezin gara kexatu. Zelako uda eduki duzue? Abenduan diskoa atera zenetik ez gara gelditu. Suitzan lau kontzertutako bira egin genuen, eta ondoren Estatu mailako areto-bira. Udan ere kontzertu dezente eman ditugu, jendetsuak eta girotsuak. Oso pozik gaude. Eta zelan datoz hurrengo hilabeteak? Zenbait herritako jaiak gelditzen zaizkigu oraindik, eta gero, urriaren bukaeran, Suitzara itzuliko gara hiru kontzertu ematera. Ostean, bira biribiltzeko, areto txiki batzuk egingo ditugu eta azken kontzertua Iruñeko Zentral aretoan emango dugu abenduaren 11n. Europara ez ezik Latinoamerikara ere eraman zaituztete birek. Zelako harrera duzue han? Harrera ezin hobea izan dugu egindako irteera guztietan, eta giro paregabea sortu da kontzertuetan. Zuk esan duzu lehen: gainezka dauden plazetan zabiltzate. Zein da sekretua? Nire ustez, ez dago sekretu berezirik, lan pilo baizik. Zortzi urte daramatzagu taldearekin, etengabe lanean, konposatzen, grabatzen, gizarte sareetan egurra ematen, elkarrizketak egiten, bideoklipak grabatzen… Lan eta arduraren emaitza da. Taldea sortu zenutenean, ez dakigu epe luzeko proiektua izango zen pentsatu zenuten; zelan ikusten duzue orain taldearen etorkizuna? Oraingoz, Vendetta aurrera doan tren bat da. Buruan baditugu datorren birako ideia batzuk, baita datorren diskorako ideiak ere. Beraz, aurrera. Dena dela, ez dugu epe luzeko etorkizunean asko pentsatzen. Zortzi urte, lau disko. Disko guztiak entzun eta argi nabaritzen da taldeak bilakaera handia eduki duela, beti ere Ska oinarritzat izanda. Estilo ezberdinekin nahastu eta fusionatu egin dugu ska. Uztartze horren emaitza festarako eta dantzatzerako pentsatuta dauden abestiak dira. Hala ere, esan genezake abesti batzuk dantzagarriak baino, kantagarriak direla. Festa-kutsua, baina aldarrikapena ere bai. Aldarrikapena beti egon da Vendettaren diskoetan eta zuzenekoetan. Kultura munduan gabiltzanok, orokorrean, eta zehazki musikariok, bide ezin hobea dugu jendearen kontzientzia astintzeko, jendea burua erabiltzera bultzatzeko. Alde batera edo bestera, baina erabil dezatela burua. Gizartearekin kritikoak izateko, dituzten arazoei aurre egiteko, bizi garen mundu hau hobetzen saiatzeko… Hori guztia astintzen saiatzen gara du; hori da, nire ustez, gure betebeharreko bat. Oso talde kohesionatua osatzen duzue, antza. Ezinbestekoa, musika munduan irauteko. Halako taldea da gurea, bai. Etxekoak baino gehiago ikusten ditut nik lau horiek… Baditugu gure liskarrak, nola ez!, baina nik beti esaten dudan moduan, oso ondo dakigu eztabaidatzen! (kar, kar). Euskara eta gaztelania. Abesti gehienak pertsona bi idazten dituzte, etxean eta bakarka. Batek euskaraz daki; besteak, ez. Beraz, Vendettan modu naturalean suertatzen den gauza da hizkuntza biak nahastea. Zuen webgunetik lau diskoak deskarga daitezke, eta sakelako telefonorako aplikazioa ere egin duzue. Detaile handia zaleekin, hala ere, kontraesankorra dela pentsa daiteke… Mugak hautsi nahi genituen, ekonomikoak eta fisikoak. Ez genuen nahi diskoak balio duen 14 euroak, edo Mexikokoa izatea oztopo bat izatea. Gainera, gaur egun edozein diskoa jaitsi dezakezu lau klik eginda. Beraz, guk klik pare batean utzi dugu kontu hori. Eta salmentei dagokienez, azken diskoa, aurrekoarekin alderatuta, antzeko saldu dela esan dezakegu, edo gehiago. Dena dela, AC/DC bai, beharbada, baina Vendetta ez da bizi saldutako diskoetatik, ezta hurrik eman ere. Zein proiektu duzue epe labur edo luzerako? Disko berria aipatu duzu lehen… Bideoklip berria aterako dugu laster, eta bira berria prestatzeari ere ekingo dugu. Eta bai, disko berrian ere bagabiltza lanean… Hau ez da gelditzen, ez! (kar, kar). Jai-kutsua Skalariak taldean 10 urte eman ondoren, Javier Etxebarriak (gitarra-jotzailea) eta Luisillo Kalandrakak (baxu-jotzailea) Vendetta taldea sortu zuten 2007. urtean. Proiektuarekin Pello Reparazek (tronboi-jotzailea), Ruben Antonek (tronpeta-jotzailea) eta Enrikko Rubiñosek (bateria-jotzailea) bat egin zuten. Taldeari jai-kutsua eman zioten hasieratik eta ska oinarritzat hartuta, beste estilo batzuen fusioarekin ausartu dira, hala nola funk-a, folk zelta eta country-a. Zortzi urtean lau lan kaleratu dituzte: Vendetta (2009), Puro infierno (2011), Fuimos, somos y seremos (2012) eta 13 balas (2014). Enrikkok aurreratu digun moduan, dagoeneko hasi dira beren hurrengo diskoan lanean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).