Alternatiben Herria

Aikor aldizkaria 2015ko urr. 14a, 09:19

Testua: Iratxe Azkue, LAB Eskumaldeako idazkaria

Hazkunde ekonomikoaren fasean sartuko omen gara. Hori diote gobernuetatik eta patronaletik. Baina etengabe hobeto goazenaren bertsio ofizialaren aurrean, langileok badakigu zein den benetako errealitate gordina; gero eta gehiago dira bizi-baldintza zail, injustu eta prekarioetan bizi behar dugunok, osasuntsuak ez diren inguruneetan. Krisi sakon eta globalean harrapatuta gaude. Horregatik, hemendik, Euskal Herria deitzen dugun lur-zati honetatik, pertsonen kontrakoa den orden sozial, ekonomiko, kultural eta politiko hau aldatzen parte hartu eta lagundu nahi dugu. Bai, indarrean dagoen sistemaren norabide eta egiturak aldatu nahi ditugu ondo bizi ahal izateko, geure buruak eta planeta zaintzeko. Zentzu honetan, hamarnaka eragile sozial eta sindikal, eta hainbat norbanako bolondres eta militante, konprometituta daude, Alternatiben Herriaren antolakuntzan, Bilbon urriaren 24an antolatuko den ekimenean. Errealitate bizia erakusteko aukera paregabea, indarra eta borondatea duen herria, bizitza soziala erakitzeko modu berri baten oinarriak jarri nahi dituena, “auzolanaren” filosofian lagunduta. Ekiteko garaiak dira, errebelatu eta eraikitzekoak, eragin eta eraldatzekoak. Gauzak aldatzeko aukera txikiena ukatu eta konponbide faltsuak saltzen dizkigutenei entzungor egitekoak, desobeditzeko garaiak dira. “Alternatiben herria”, Bilbon, izango da gure hurrengo hitzordua. Denok gaude deituta. Euskal Herrian badakigu zer nahi dugun, eta baita zer behar dugun indarrean dagoen eredu neoliberala alternatiba ugarirekin garaitu ahal izateko. Ez gara gure herri eta auzoetara esku hutsik bueltatuko. Ez da azken hitzordua izango. Bidean elkartuko gara.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).