Dominika Agergarai, Xiberuari hanitx ekarri düana, zentü da 58 urtetan. Halan ematen zuen Xiberoko botzak Dominikaren heriotzaren berri. Aikor! aldizkariko lerro hauetatik doluminak bidali nahi ditugu.
Saminez hartu dugu berria. Hasieran, Lagatzu Egunera urtero etortzen zen gazta-saltzaile moduan ezagutu genuen. Azkorria gazta ekartzen ziguna. Baina, berehala ikusi genuen euskal kulturarekin zuen konpromisoa. Ezin zen ulertu Lagatzu Egun bat Dominikaren kantu barik, eskenatokitik edo arratseko lagun giroan. Urdiñarbeko laguna, kantoria zendu zaigu, hil zaigu baina ez zaigu joan. Gure bihotzetan bizirik jarraituko du. Berari esker, Txorierri eta Xiberoa askoz hurbilago daude.