Umorea izango da nobedaderik handiena aurtengo San Martin jaietan, Iñaki Urrutia eta J.J. Vaquero aktoreek bakarrizketea egingo dituelako. Nagusiek zein umeek primeran pasauko dabe jaietan, azaroaren 10etik 15era bitartean. Aurreko asteburuan Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokaren 30. edizinoa izango da.
Ekitaldirik barriena bakarrizketea izango da, domeka arrastian. Iñaki Urrutia eta J.J. Vaquero komikoek En bruto ikuskizuna eskiniko dabe. Aktore biak oso ezagunak dira, telebistan askotan agertzen diralako, El club de la comedia eta beste saio batzutan. “Orain arte ez doguz bere mailako bakarrizketagileak inoz ekarri. Behin antzeko gauza bat egin genduan, Gorka Aginagaldek antzeztutako El txou de Patxi, hain zuzen be, eta oso arrakastatsua izan zanez, beste bakarrizketa bat antolatzea pentsau genduan”, esan dabe Eguraldi Ona jai-batzordekoek.
Beste ekitaldi barria sokamuturra da. Azaroaren 15ean egingo da, goizean, Kultur Etxeko goiko patioan. Era berean, aitatzeko modukoa da Zamudio Izar lehiaketa. 2014an lehen aldiz antolatu zan eta oihartzun handia euki eban. “Igaz jente dezentek hartu eban parte. Hasikeran bost talde apuntau ziran, baina azkenean bederatzi aritu ziran. Aurten espero dogu lagun gehiagok izena emotea”. Lehiaketea probalekuan egingo da.
Gainontzeko ekintzei jagokenez, karta txapelketek, kalejirek, dantza-erakustaldiek, umeentzako jolasek edo pelota partidek osatzen dabe jai-egitaraua. Musikea be garrantzitsua izango da, eta besteak beste, Trikizio eta Hesian taldeak, Oihan Vega eta DJ Xaibor eukiko doguz entzungai. Eta zelan ez, mortzilak dastatzeko aukerea egongo da. Ekitaldiak Sabino Arana Goiri enparantzan, karrejuan eta Kultur Etxearen patioan egingo dira.
Jai-batzordean herriko kultur talde guztiek hartzen dabe parte, eta hori, zer esanik ez, oso aberasgarria da, alkarteen atzetik jente asko eta eritxi desbardin asko dagozalako. “Zamudiokoak oso parte hartzaileak dira eta herriko alkarteei esker ospatu ahal doguz jaiak”. Horregaitik, ez da harritzekoa jai-batzordeak herriko alkarteei omenaldia egitea eta hareetako bik, Arroeta Mendi Taldeak eta Bertokok, pregoia irakurtzea aurten.
Medikuaren agindua
Zamudioko herri osoak egiten dau bat urteko jai nagusietan murgiltzeko. Eta hori ez da batere erraza, jaiak azaroan egiten diralako eta normalean oso eguraldi txarra dagoalako. “Eguraldiak laguntzen badeusku, jaiak disfrutauko doguz; eta ez badeusku laguntzen, bardin-bardin pasauko dogu ondo”. Ez dago atxakiarik jaietan parte ez hartzeko. “Aurten medikuari galdetu deutsagu, eta jai-egitaraua ikusi dauanean, kalera urteteko agindua emon deusku... (kar, kar)”.
San Martin jaiak azaroaren 10etik 15era bitartean egingo dira eta betiko legez, aurreko asteburuan, azaroaren 7an eta 8an, Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokak jai-giroa berotuko dau. Aurten 30. aldiz egingo da. Horregaz batera, III. Txokolate, Gozo eta Artisauen Azoka antolatu dabe, eta bertan hainbat postuk mota guztietako produktuak eskiniko ditue: pastelak, jaboia, narru eta egurrezko produktuak, jostailuak... Gainera, euskal produktuak dastatzeko aukerea egongo da, besteak beste gaztaia, txakolina eta Zamudioko artisau-garagardaoa.
Jai-egitaraua
Azaroak 10, martitzena
-19:00: Txupinazoa eta karameluak, enparantzan. Pregoia Bertoko Soinu tresnen eta Arroeta mendi taldeen eskutik.
-Sanmartinetako kartel irabazleari saria emotea.
Azaroak 11, eguaztena. San Martin eguna
–11:00: Umeentzako parkea, Zamudioko Kultur Etxean.
–12:00: Mezea. Ostean, kopaua.
–16:00: Umeentzako parkea, Zamudioko Kultur Etxean.
–16:00: Karta txapelketea, Adintsuen etxean.
Azaroak 12, eguena. San Martintxu
–12:00: Mezea.
Azaroak 13, barikua
–20:00: Zamudio Izar lehiaketea, probalekuan. Gaia: filmak eta telesailak.
–21:30: Fanfarrea kaleetatik, Guretzat taldearen eskutik.
–23:30: Erromeria, Ohian Vega eta Trikizio taldearen eskutik.
Azaroak 14, zapatua
–11:00: Umeentzako jolasak, frontoian.
–11:30: Kalejirea, Bertoko taldeagaz.
–17:00: Zamudioko Hiru Bat dantza taldea, Kultur Etxean eta frontoian.
–20:00: Abesbatzak: Zamudioko Kamara Korala, Jorge Manrique, Otsailan eta Beltza Gorria abesbatzak.
–21:30: Fanfarrea kaleetatik, Guretzat taldearen eskutik.
–23:30: Erromeria, Zarpazo! a cicatriz, Hesian eta Trikidantz taldeakaz.
Azaroak 15, domeka
–8:00: Sokamuturra, Kultur Etxearen goiko patioan.
–10:30: Pelota, frontoian.
–11:30: Kalejira, Gazte Elai txistu taldeagaz.
–17:00: Dj Xaibor, frontoian.
–19:00: J.J. Vaquero eta Iñaki Urrutia, En bruto bakarrizketa, probalekuan.