Urriak 30, barikua, etxeko postontzia zabaltzera noa eta supermerkadu handi horreetako baten propagandea… Heldu dira Gabonak! Jostailuen gaineko liburuxka bat. Bezero arrantza hasi da. Eta guk umeen atxakiagaz besiguen moduen amua iruntsi egiten dogu. “Gero eta arinago dabilz honeek” pentsau neban nik. Azaroak 2, astelehena, lanera heldu eta egunero moduen beharreko posta elektronikoa zabaltzen dot. Posta baten izenburua hau zan, “Gabonetako loteria”. Hemen be bai! Ezin dot gehiago eta egutegia hartzen dot, abenduaren 24rako 52 egun falta dira. Ia bi hilabete. Gogora etorri jatan telebistan emoten zan aspaldiko iragarki bat. Azal baltzeko kubatar edo dominikar gizon batek gaztelaniaz erantzuten eban “me estás estresando”. Ezin da apur bat itxaron. Begietatik sartu gura deuskuez erosi beharreko guztiak eta behar ez doguzanak be bai. Holan jarraituz gero Gabonak Sanferminekaz batera hasiko gara prestaten. -Emoistaz txupinerako txanpan botila bat eta Gabon Zahar egunerako langostino kutxa bat. Hau idazten dodan bitartean eguraldi itzela dago kanpoan, 20 gradu, zelan pentsauko dogu Gabonetan?
Gaur egun fruta dendara joaten garenean, bardin da urtaroa, danetarik daukagu. Abuztuan laranjak edo apirilean mahatsa. Bardin egin daikegu Gabonakaz, abenduan ospatu beharrean urrian ospatuko doguz. Gure herrian nahiko modan dagoz urrian agertu eta desagertu egiten diran jai egunak. Eta, Gabonak, ia mundu guztiak ospatzen dauzanez, nahiko folklorikoa dan urriaren 28an ospatu ahal doguz. San Simon eta San Juda da egun hori. Eta badakigu “joan zen udea eta negua heldu da” eta negua heltzen danetik hiru egunetara Gabon eguna da. Entzunda daukat ikatzaren salmentaren jatsierea dala eta Olentzero jaunak opariak banatzeko denpora gehiago daukala. Alde horretatik ez litzateke arazorik egongo.
Gauza bakotxak bere sasoia dauka, urtaroak, elikagaiak, gizakion aro desbardinak,… errespetau daiguzan jaiak eta erosteko garaiak. Kontsumitzaileak gara urtean zehar, honek ez dauka erremediorik, baina, Gabon kontsumista honeek zenbat eta beranduago hasi hobeto. Nire txikerrak azkenengo astetan 18 opari desberdin aukeratu dauz, abendura heltzen garanerako ez dakit zenbatetara helduko dan. Eta, jakin badakit arazo hau daukan bakarra ez nazana.