Herriaren gazte arima berbizten Loiun

Aikor aldizkaria 2015ko aza. 24a, 11:24
Argazkiak: Loiuko Bakarrak
Loiuko Bakarrak Gazte Alkartea orain dala urte bi sortu zan, aspalditik gazteek herrian bete izan daben zeregina berbizteko asmoz. Alkarteak gazteen partaidetzea bultzatzea dauka helburu nagusia eta herriko gazteen beharrizanei erantzuna emoteko. Horretarako, hainbat eskaintza soziokultural eroango dabez aurrera. “Hogeta bost kide inguru gara, 21 urtetik 23 urtera bitartekoak”, azaltzen hasi jakuz gazteak. “Baina herriko beste persona batzuengandik be jasoten dogu laguntzea. Beste alde bateik, aitatu beharra dago gurea ideologia politiko bako alkartea dala”. Euren ustez, Loiuko gazteek aukera gitxi dabe urtean zehar alkartzeko, eta hareei zuzendutako aisialdiko eskaintzea nahiko eskasa da. Era berean, azaldu deuskue, gaur egun, herrian ez dagoala batzarrak egiteko edota egitasmo asko aurrera eroateko azpiegitura egokirik. Horregaitik, herriaren gazte arima berbiztea hartu dabe helburutzat. “Herriko gazteek herrian egiten diran ekintzetan parte hartze aktiboa izatea gura dogu. Halan, gitxika-gitxika, hareei beren-beregi zuzendutako ekintzak antolatzeko asmoa daukagu. Herrian eurentzako lekua eta aukerak be badagozala ikus egien, eta hareengan ekitaldiak-eta antolatzeko gogoa bizteko”. Idea pilo bat daukie buruan, epe laburrera zein luzera egingo dabezanak. “Esate baterako, laster Sukalki Eguna antolatzeko asmoa daukagu, eta epe luzeago bati begira, gazteentzako bidaiak eta urteerak egiteko aukerea aztertzen gabilz”. Alkarte zabala da, eta, ondorioz, behin baino gehiagotan hurreratu dira herriko beste gazteengana, ekintzak batera egitera animetara. “Egia esan, euren laguntzea emon deuskue guk halan eskatu deutsegun bakotxean. Eta, jakina!, gura dauan guztiak daukaz alkartearen ateak zabalik, izan be, laguntzea beti dator ondo. Gainera, hau hasierea baino ez da: Loiuko Bakarrak orain talde handia bada, askoz handiagoa izango da denporeagaz”. Alkarteagaz harremanetan ipinteko, mezu bat idatzi daiteke loiukobakarrak@gmail.com helbide elektronikora, edo Facebook gizarte-sarearen bitartez: Loiuko Bakarrak Gazte Elkartea. “Orain arte herriko enparantzan batu behar izan gara gehienetan, ez daukagulako alkartzeko lokalik. Udalari eskatu deutsagu bat itxiteko, eta baietz esan deuskue”. Txorierriko beste gazte batzuengana jo eben alkartea sortu ebenean, euren ideak eta esperientzia ezagutzeko. “Hareakaz batera lan egiteko asmoa euki genduan hasierean, baina hau dala bestea dala, arazoak daukaguz beti taldekide guztiok alkartzeko, eta ez genduan konpromisorik hartu gura. Gertatu leitekelako gero huts egitea, beharbada. Dana dala, ez da albo batera itxi dogun aukerea, eta inoz gure laguntzea behar badabe, gu prest gagoz ahal dogun guztietan laguntzeko”. Gogor eta gogoz Urrian, Loiuko Gazte Eguna egin zan hirugarren aldiz, baina Loiuko Bakarrak alkarteak antolatu dauan lehen edizinoa izan da. Egun osoan ekitaldi sorta zabala egon zan herrian, ume txikientzako puzgarriak, triki poteoa, gazte bazkaria, Taberna Ibiltariak girotutako arratsaldea… Une gorena gauean ailegau zan: eszenatokira Guda Dantza, Akats eta Txapel Punk taldeak igon ziran. “Oso balorazino positiboa egiten dogu. Izan be, inguruko beste herri batzuetan be jaietan egozan arren, jente asko hurreratu zan Loiura eta giro ikaragarria egon zan egun osoan. Gainera, gure helburua batez be gazteak erakartea bazan be, adin guztietako lagunak batu ziran Gazte Egunean. Itzela izan zan eta mundu guztia urten zan pozik”. Alkartekideek lan eta esfortzu handia egin behar izan eben, ekintza guztiak aurrera eroateko eta eguna ahalik eta ondoen atera eitean. “Baina dana zelan urten zan ikusita, merezi izan eban”. Horrela, bada, Loiuko Bakarrak alkarteko kideak gogor eta gogoz ibili dira, gazteei zuzendutako eskaintza soziokulturala handitzeko eta herria “gazteago” bihurtzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).