12.34

Aikor aldizkaria 2015ko abe. 21a, 14:20

Beñat Aiartza, ezjakina

Erlojuari begiratu diot gaur eta 12:34ak ziren. Askotan gertatzen zait hori, ordu hori ikustea alegia, eta ez da harritzekoa, egunean askotan begiratzen baitiot erlojuari. Baina gaurkoan nire zati mistikoak, guztiari zentzua bilatu behar horretan, ordu hori ikustearen arrazoia aurkitu nahi izan du. Google-en "12:34" tekleatu eta Lukas 12:34 agertu. Jesukristoren bizitza eguzkiaren zikloa azaltzeko ipuina besterik izan ez arren, zita ebanjelikoa polita iruditu zait. Zera zioen: "zuen altxorra dagoen lekuan, bertan egongo da zuen bihotza ere". Errebelazio ebanjeliko horrek gogorarazi dit estudioa liburuz gainezka dudala eta nire altxorrak ito egiten nauela. "Jakiteak ez du ogirik jaten" diote askok, bada, niri bihotza jan dit. Berrogei bat kilo liburu atera dudanean eta apalak hutsik ikusi ditudanean soilik hasi naiz berriro arnasa lasai hartzen. Gauza asko jakin gabe hilko naizela konturatu naiz orduan: liburu asko irakurri gabe, teleberri asko ikusi gabe, whatsappeko txiste asko jakin gabe eta youtubeko bideo asko ikusi gabe. Eta bihotza lasaitu egin zait. Mirari ebanjelikoa, jaun andreok!

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).