Apirilaren 10ean, Eternal Running lasterketea egingo da Loiun. Nazinoarteko izaerea daukan proba bat da eta parte-hartzaileek hainbat oztopori egin beharko deutsee aurre 10 kilometroan zehar.
Antolakuntzatik adierazo daben moduan, eta lerro honeek idatzi orduko, 2.000 lagun inguruk emon dabe izena lasterketan. Hareekaz batera euren laguntzaileak eta senideak be etorriko dira, baita ikusleak be, eta horregaitik espero da oso jentetza handia batuko dala Loiun. “Egia esateko, kirol ekitaldi hau erronka bat da guretzat”, esan deusku Josu Andoni Begoñak alkateak. “Antolakuntzaz batez be Udala eta Eternal Running egitasmoaren antolatzaileak arduratzen gabilz, baina herritarren laguntasuna be ezinbestekoa da, lasterketea behar moduan urten dadin. Halan, 50 herritar baino gehiago azaldu dira laguntzeko prest, eta, besteak beste, zeregin honeek eukiko ditue: aparkalekuak, sarrerak eta urteerak, dortsalak banatzea, bidekurutzeak moztea...”.
Munduko txoko guztietatik etorritako korrikalariek 10 kilometro egin beharko ditue Loiuko lurretan atonduko dan zirkuitutik. Era berean, hainbat oztopo topauko ditue zirkuitu osoan zehar; esate baterako, lastoz betetako kamioiak, txirristak edo ekatx elektrikoa. Horretarako, hiru orduko epea eukiko dabe. Gai izango dira? Epe horren barruan helmugara ailegaten diranek garaituezin titulua jasoko dabe. “Ni neu ibili naz zirkuitu egokien bila. Azken asteotan Loiuko landak, basoak eta pistak ikusi dodaz in situ. Leku ezbardinak aztertu ostean, lokatzaz beteta dagozan zatiak be sartuko dira, ibilpideari zaltasun eta emozino apur bat emoteko. Ibilpidea herrigunean hasiko da, mendietako pistetatik pasau eta herrigunera itzuliko da. Baina ezin deutsuet bidea zehatz-mehatz azaldu, ipiniko diran oztopoakaz batera, sekretua dalako”.
Zirkuituan zehar anoa-postuak ipiniko dira eta lasterketea amaitu ostean, bazkaria eskiniko da. Dutxak, komunak eta aldagelak be egongo dira pelotalekuan eta San Jose Artisaua ikastetxean. “Instalazino osagarriez gainera, Udalak txosna bat jarriko dau urteeran eta helmugan. Probea amaitzen danean, 15:00etan, kontzertua egongo da, Five Direction taldearen eskutik”. Eternal Running lasterketeak ezaguna egingo dau Loiu mundu mailan, eta ekonomia arloan be onurak ekarriko deutsez loiuztarrei. “Bertora hurbilduko dan jente kopuru handiak dirua itxiko dau udalerrian, eta hori aurreikusteko datu objektiboak daukaguz. Gainera, uste dogu egitasmoak Txorierriko gainerako udalerrietan be eukiko dauala eragin positiboa, ziur asko, Bizkaitik kanpoko parte-hartzaileek Txorierriko hoteletan emongo dabelako gaua. Bazkaldu eta afaldu be berton egingo dabe”.
Ekitaldi izarra
Loiuko Udalak Udalerriko Kultur eta Kirol Dinamizaziorako Bigarren Plan Estrategikoa abiau dau eta horren barruan ekintza batzuk antolatzen ditue; esaterako, putxera lehiaketa, ibilgailuen topeketea eta Loiumendi lasterketea. Eternal Running be plan estrategiko horren barruan kokatu dabe. “Beste ekitaldi bat gehitu gura geunke, guztien artean izarra izan leitekena. Eta horren aldeko apustua egin dogu. Gure hautagaitzea aurkeztu genduan eta aukeratu egin gaitue beste honeekaz batera: Buenos Aires, Bogota, Australia, Tanzania, Bartzelona, Madril, Sevilla...”. Azaldutakoaren arabera, lasterketearen arduradunek hainbat arrazoirengaitik onartu eben Loiuko hautagaitzea, adibidez, udal gobernuak jasangarritasunaren eta ingurumenaren babesearen alde egindako apustuagaitik, herriaren kirol kultureagaitik edo halango tamainuko ekitaldi bat hartzeko gaitasun logistikoagaitik. “Gure udalerri eder, txiki eta apala mundu mailako beste hiri handien ondoan jartea harro egoteko modukoa da. Espero dogu ostalariek eta dendek bultzada berezia eukitea, eta bisitariek jakin dagiela, aireportua izateaz gainera, Loiu udalerri abegitsua eta bisitetako polita dala. Ederto baten pasetea opa deutsegu loiuztarrei. Eta gozau daitezan ekitaldiaz, eta ulertu dagien halango proba bat prestatzeak sortu leikezan eragozpenak”. Loiuk lehenengo aldiz hartuko dau aurten Eternal Running lasterketea. Hurrengo urteetan be haren egoitzea izatea zenbat arloren arabera izango da. “Emaitzak aztertu eta Udal Gobernuak erabagiko dau zer dan egokiena herrirako”.
Kakoak
Eternal Running nazinoarteko lasterketea da eta aurten 34 hitzordu ipini dira; Kolonbian, Tanzanian eta Australian, tartean.
Loiun apirilaren 10ean izango da goizeko 11etan.
Lasterketan 15 urtetik gorako edonork hartu leike parte.
Apirilaren 8ra arte emon leiteke izena eternalrunninginvencible.com webgunearen bidez; Loiuko Udaletxean (goizez); edo Loiuko liburutegian (arrastiz). Izena emoteak 26 euro balio dau, eta parte-hartzaileek, besteak beste, kamiseta bat, paella jateko txartel bat eta babesleen materiala jasoko ditue.
10 kilometroko zirkuitua egin beharko da, eta 80 oztopo gainditu. Horretarako, hiru ordu eukiko ditue parte-hartzaileek.
Anoa-postuak ipiniko dira ibilpidean zehar.
Ondo pasetako lasterketea da; lehia albo batera ixten da.
Zirkuitua mozorrotuta egin leiteke. Mozorrorik onenak saria eukiko dau.
Helmugara ailegaten diran guztiek garaituezin-titulua jasoko dabe.
Lasterketea orain dala 15 urte egin zan lehenengo aldiz, eta munduan 214.000 garaituezin baino gehiago dagoz.